Nasara gunea jarriko dute Arrandegi eraikineko lehen solairuan
Donostia Sustapenaren arabera, "bertako produktuari balioa emateko eta prestakuntza eta enplegu aukerak bultzatzeko" espazioa izango da.
Ane Oiarbide zinegotziak aurkeztu du Nasara espazioa.Donostiako Udala Bretxako Arrandegia eraikineko lehen solairuan Nasara espazio berria jartzea erabaki du Donostia Sustapeneko Administrazio Kontseiluak. Laster hasiko dituzte lanak eta 2,7 milioi euro inguruko kostua izango dute. Sei hilabetetan obra bukatzea aurreikusten du Donostia Sustapenak.
Jarduera ekonomikoa bultzatzeaz haratago, “dimentsio soziala” izango duela adierazi dute: “Proiektuak prestakuntza eta inklusioa bultzatuko ditu, eta merkatuko lanbide tradizionalei lotutako prestakuntza ibilbideak eskaintzeko gune bilakatuko da. Horri esker, zailtasun handienak dituzten pertsonak lan merkatuarekin konektatzen lagunduko da”.
Horrela, prestakuntzarekin eta enpleguarekin lotutako jarduerak hartuko ditu. Donostia Sustapenak garatuko ditu jarduera horiek, hiriko eragileekin elkarlanean. “Bretxako proiektuak, horrenbestez, sendotu egingo du bere dimentsio soziala, eta merkatuko jarduera komertzialetik haratago doan erreferentziazko gune bihurtuko da.
Nasa hitzak lotura du arrantza saskiarekin, gure kostaldean mendeetan erabili izena. Hala, Arrandegia eraikinarekin eta merkatuaren historiarekin batu dute, eta, aldi berean, espazio berriaren nortasuna definitzen du. “Nasa haietan, funtsezkoa zen zumea gurutzatzea, horrek ematen baitzizkion saskiari berari erresistentzia eta erabilgarritasuna. Ideia horrek berak inspiratzen du Nasara: pertsonak, ekimenak eta proiektuak konektatzen dituen espazio bat, aukera berriak sortzera bideratua”, adierazi du Donostia Sustapenak.
“Bretxaren biziberritzea osatu eta zentzua ematen dion proiektua da. Beste urrats bat da erreferentziazko merkatu bat sortzeko, baina baita leku bizia ere, herritarrekin konektatua, non bertako produktuak, gastronomiak eta talentuak aukera berriak sortuko dituzten. Arrandegi eraikinean egiten ari garen berrikuntzari esker, handizkariek eta baserritarrek instalazio modernoetan, irisgarrietan eta beren beharretara egokituta lan egin ahal izango dute, eta Nasara guneak, berriz, eraldaketa hori indartu egingo du prestakuntzarekin, enpleguarekin, ekintzailetzarekin eta berrikuntzarekin lotutako proiektu baten bidez, Donostia Sustapenaren eskutik”, azaldu du Ane Oiarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak.
Sukaldea
Bestalde, espazioak eskainiko dituen jarduerak hainbat izango direla aurreratu dute. Esaterako, Sukaldea izeneko eskola jatetxea, merkatuaren zerbitzura. “Prestakuntzari, enplegu inklusiboari eta
tokiko produktuen sustapenari lotutako proiektua da, laneratzeko aukerak sortzeko eta merkatuaren jarduera dinamizatzeko tresna gisa sortua. Tokiko eta sasoiko gastronomian oinarritutako sukaldaritza baten bidez, handizkarien eta baserritarren beraien produktuak landuko dituzte, herritarrengana hurbilduz”, azaldu dute.
Eskola jatetxeak merkatu ordutegian funtzionatuko du, eta merkatariei, langileei eta herritarrei emango die zerbitzua, Europako merkatu gehienetan dagoen jarduera ereduari jarraituz. Kasu honetan, gainera, sukaldaritzaren arloko prestakuntza eta laneratze ibilbideak eskaintzen dira, enplegua lortzeko zailtasun handienak dituzten pertsonei zuzenduak, laneratze enpresekin eta beste eragile espezializatu batzuekin lankidetzan, UBAko aterpetxe eskola bezalako udal-proiektuetan garatutako esperientziari jarraituz.

