Topoaren Altza-Galtzaraborda tartea abian da
Agintariak, Topoaren Altza-Galtzaraborda tartearen inaugurazioan.Irekia Eusko Jaurlaritzak larunbatean jarri zuen funtzionamenduan Altza eta Galtzaraborda (Errenteria) lotzen dituen trenbidearen lurpeko zatia, urte askotako lanen ondoren. “Bi kilometroko bikoizketak Altzako gaur egungo zaku-hondoa, trenek errebotatzen duten lekua, kentzea dakar, eta, horri esker, gaur egungo maiztasunak bikoiztuko dira, Pasaia eta Altza Amararekin 7,5 minutuz behin lotuz”, nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak. Orain arte, hamabost minutukoa zen tarte horretako bidaia.
Mugikortasun Sailak gogorarazi du “2016ko irailean Topoa Donostiako Herrera auzotik Altza auzora eraman” zutela: “Orain, Errenteriako Galtzarabordaraino iristen den bi bideko saihesbidea osatu da. Eusko Jaurlaritzak finantzatu dituen eta Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoak gauzatu dituen lan horiek barne hartu dute Pasai Antxoko erdigunean lurpeko geltoki berri bat eraikitzea, eta, horri esker, etxebizitza batzuetatik metro gutxitara distritua zeharkatzen duen 1912ko biaduktua eraitsi ahal izango da”, gaineratu du Jaurlaritzak.

