DOPAk Osakidetzaren konpromiso eza salatu du Donostialdeko EAGen egoera larriaren aurrean
DOPAren manifestazioa, osasungintza publikoaren alde.Joseba Parron Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko (DOPA) plataformak eta Osakidetzako arduradunek bilera egin zuten joan den uztailaren 17an. Bileraren helburu nagusia eskualdeko Etengabeko Arretako Guneen (EAG) egoera kaskarra eta mediku falta salatzea izan zen. DOPAren esanetan, ordubete eta laurdeneko bilerak ez zuen konpromiso argirik utzi.
Plataformak adierazi duenez, Donostialdeko EAGek aspaldi pairatzen dute egoera txarra, bereziki txanda askotan estaldura medikorik ez dagoelako. Gainera, nabarmendu dute Donostialdeko egoera EAEko gainerako ESIena baino okerragoa dela.
Murrizketak eta mediku falta
Plataformak gogorarazi du urteak daramatzatela murrizketak pairatzen, nahiz eta Osakidetzak “berregituratze” gisa izendatzen dituen. Bileran salatu zutenez, Amara eta Groseko errefortzu zentroak medikurik gabe eta erizaintzako errefortzu huts bihurtuta geratu dira. Gainera, Donostialdean lau EAGk soilik (Bengoetxea, Iztieta, Zarautz eta Hernani) daukate langile talde osoa esleituta, baina zentro horietan ere, aspaldi salatu duten moduan, txanden % 35a mediku estaldurarik gabe geratzen da.
Osakidetzako ordezkariek arazoa existitzen dela onartu zuten arren, DOPAk “autokritikarik gabeko autokonplazentzia” egotzi die. Horrez gain, salatu dute Osakidetzak ez zuela datu zehatzik eman; aitzitik, DOPAri frogak eskatu zizkion eta zalantzan jarri zuen plataformak azken bi hilabeteetako estaldura mediko ezaren inguruan bildutako datuen egiazkotasuna.
Ekintzarako deia
Gauzak horrela, DOPAk deitoratu du hainbat gai landu gabe geratu zirela, bilera horretan: pribatizazioa, lankidetza publiko pribatua, gainkarga profesionala eta eginkizunak ez dagokienari esleitzea, besteak beste.
Plataformak behin eta berriz adierazi du osasun sistemaren narriadura progresiboa dela eta adabakiak jartzea ez dela eraginkorra. “Hitzetatik ekintzetara” eta aurrekontu esleipenetara pasatzeko eskatu dute, baita arazo guztiak mediku faltari edo besteei egozteari uzteko ere.

