Emakumezkoen maila goreneko eskubaloia nabarmenduko dute
Abuztuan jokatuko da 31. Egiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa, eta Bera Berak errebantxarako aukera izan dezake.
31. Egiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketaren aurkezpena, Alderdi Ederren.Inaxio Esnaola Aranzadi Urteurrena behar den moduan ospatu ondoren, 31. Egiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa egingo dute abuztuan. Gaur goizean egin dute udaletxean aurkezpen ofiziala, eta maila goreneko eskubaloia eskaintzen jarraituko dutela nabarmendu dute Egia Eskubaloia kirol elkarteko kideek.
Aurten, emakumezkoen kategoria da esanguratsuena, Dijon Europako Ligako txapeldunak parte hartuko duelako. Bera Bera ere lehian izango da, eta errebantxarako aukera izan dezake. Gogoratu behar da, pasa den sasoian gol bakarreko aldearengatik eta penaltietan kanporatu zituztela Europako Ligatik. Gizonezkoen kategorian, berriz, soilik hiru talde ariko dira lehian, Bidasoak ezin izango duelako denboraldiaurreko egutegi arazoengatik. Huts egiten duten lehendabiziko edizioa izango da, eta antolatzaileek hutsune hori nabarituko dutela deitoratu dute.
Gizonezkoen txapelketa abuztuaren 12tik 14ra bitartean izango da, eta hiruko lehiaketa formatuan jokatuko dute hiru talde hauek: Errioxa —Asobal ligako txapeldunordea—, Torrelavega eta Frantziako Toulouse. Beraz, ez du Euskal Herriko talde baten partaidetzarik izango. Abuztuaren 12an, Errioxa eta Torrelavega parez pare ariko dira; abuztuaren 13an, Torrelavega eta Toulouse; eta abuztuaren 14an, Errioxa eta Toulouse. Neurketa guztiak 19:30ean izango dira Egiako kiroldegian.
Emakumezkoen txapelketa, berriz, abuztuaren 21ean eta 22an izango da. Lehen egunean jokatuko dira finalerdiak. Batetik, Beti Onak eta Dijon ariko dira aurrez aurre (18:00), eta bestetik, Bera Bera eta Errioxa (20:00). Bigarren egunean izango dira hirugarren eta laugarren postuetarako partida (17:30) eta finala (19:30). Neurketa hauek guztiak ere Egiako kiroldegian izango dira.
Sarrerei dagokienez, prezioak jaitsi dituzte jende gehiago erakartzeko. Horrela, gizonezkoen partida bakoitza ikusteko 10 euro ordaindu beharko dira, eta guztiak ikusteko bonua 15 eurokoa izango da. Aldiz, emakumezkoen finalerdietako bi partidak ikusteko 10 euro ordaindu beharko dira, eta bonua 15 eurokoa izango da.
Futbolaz harago
Txapelketaren aurkezpenean hitza hartu dute Jon Insausti alkateak, Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotziak, Goizane Alvarez Kiroletako diputatuak, Jon Begiristain Bera Berako entrenatzaileak eta Asier Linazasoro Egia Eskubaloia kirol elkarteko presidenteak, besteak beste. Gehienek gauza bera nabarmendu dute, futbolaz harago badela beste kirolik, eta Egiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketari duen balioa aitortu diote.
“Futbola ez den kirol bat hauspotzea sekulako meritua iruditzen zait. Hiriko txoko oso zehatz batean, Egia auzoan, ekitaldi hori bultzatu eta indartzea, eta horrek 30 urteko muga gainditzea benetan nabarmentzekoa da”, adierazi du Insaustik.
Kirolaren ikuspegiari erreparatu dio Gabarainek, alkatearen hitzak berrestearekin batera: “Aurten ere, estatuko eta nazioarteko talde onenetako batzuek parte hartuko dute, eta aukera ezin hobea izango da primerako eskubaloiaz gozatu ahal izateko, denboraldia hasi baino lehen”.
Bestalde, Alvarezek txapelketaren beraren balioa goretsi du: “Oso ondo irudikatzen du Aldunditik defendatzen dugun kirol eredua: inguruan errotutako klubak, pertsona boluntario konprometituak eta lehen mailako ekitaldiak antolatzeko gaitasuna”.
Azkenik, Begiristainek, Bera Berako entrenatzaileak, aitortu du “presioa alde guztietatik” jaso duela, eta Egiako txapelketan duten mailarik onena ematen saiatuko direla. “Txikitatik bizi izan dut Egiako txapelketa, eta abuztuan betidanik etorri izan naiz hona Usurbildik. Aurtengoari dagokionez, lehia polita dator, eta saiatuko gara lehenik finalera iristen, eta posible bada, txapelketa bera ere irabazten. Noski, gustatuko litzaiguke Dijonen kontra aritzea, eta haiek mendean hartzea”, esan du Begiristainek.

