PSE-EEk eskatu du udalak Mikel Oiartzabal eta Martin Zubimendi munduko txapeldunak omentzea
Jon Insausti alkatea prest agertu da bi jokalariekin hitz egiteko "naturaltasunez", eta ez du baztertu aitortza publiko bat egiteko aukera.
Martin Zubimendi eta Mikel Oiartzabal, Munduko Koparekin.PSE-EE Munduko Futbol Kopak eta Espainiako selekzioak talka moduko bat irudikatu du Donostiako Udal Gobernuko bi bazkideen artean. EAJk garrantzia kendu nahi izan dion modu berean, PSE-EEk Espainiako futbol selekzioaren aldeko aldarria zein jarrera nabarmendu du. Jon Insausti alkateak gaiaren inguruko adierazpenak egin orduko, Ane Oiarbide sozialisten bozeramaileak jarraian erantzun du prentsa oharren bidez.
Udalak Argentinaren eta Espainiaren arteko finala ikusteko pantaila jarri zuen Anoeta estadioaren albo batean, PSE-EEk horrela eskatuta eta erabakita. Behin finala irabazita, udalak Mikel Oiartzabal eta Martin Zubimendi munduko txapeldunak omentzeko eskatu dute sozialistek. “Horrelako kirol arrakasta handi baten aurrean ezin gara zorion mezu edo telefono dei soil batera mugatu. Bi jokalariek merezi duten harrera antolatu behar dugu”, adierazi du Oiarbidek.
“Badakigu biek konpromiso eta agenda oso beteak dituztela uda honetan, baina ziur gaude une egokia aurkituko dugula hiri osoaren maitasuna eta aitortza jaso ditzaten. Garrantzitsuena da Donostia haiez eta ordezkatzen duten guztiaz oso harro dagoela ikustaraztea”, gaineratu du sozialisten bozeramaileak.
Horrekin batera, Oiarbidek dio kirol erreferente ez ezik, erreferente pertsonalak ere badirela milaka gazterentzat, eta “Donostiaren enbaxadore apartak” direla: “Bi jokalariek futbolaren gailurra lortu dute eta Donostiaren nahiz Realaren izena mundu osora eraman dute. Oiartzabalek, Realeko kapitain eta Espainiako selekzioaren golegile nagusi gisa; eta Zubimendik, donostiar eta selekzioko jokalari gisa, New Yorken jokatutako finalean munduko titulua eskuratu zuen taldeko kide izan zen, eta garaipena ospatzeko Donostiako bandera erakutsi zuen”.
Prest agertu da
Jon Insausti alkateari Oiartzabal eta Zubimendi omentzeari buruz galdetu diote udaletxean, PSE-EEk gai horri buruzko oharra plazaratu aurretik. Prest agertu da bi jokalariekin hitz egiteko “naturaltasunez”, eta ez du baztertu aitortza publiko bat egiteko aukera: “Ez dut ukatuko, beraiekin hitz egitea gustatuko litzaidake, haien bizipenak eta emozioak ezagutzeko. Ordea, ez dut ezer behartu nahi, eta garrantzitsua izango da haiekin hitz egin eta haiek entzutea”. Omenaldiren bat egitekotan, finalaren osteko “intentsitatea eta handitasuna” apaldu behar dela uste du Insaustik.
Bestalde, igandean Donostian izandako ospakizunen inguruan galdegin diote alkateari. Lehenik eta behin, izandako istiluak gaitzetsi ditu: “Aldarrikapen orok ezin du justifikatu indarkeriaren erabilera. Beste udalerri batzuetan ikusitako irudiek pena eragiten didate, iraganera eramaten gaituztelako”. Horrez gain, nabarmendu du futbolaren zaleek “finala bizitzako izan duten normaltasuna”.
Pantailei ere erreferentzia egin die Insaustik, Donostiako “pantaila handienak” kulturarenak direla aldarrikatzeko. Esaterako, Zinemaldiarena, irailean, eta hastear den Jazzaldikoa: “Kursaaleko pantaila erraldoi bihurtuko dugu bihar, ETSren kontzertua jarraitu ahal izateko”.

