Dominetatik urrun geratu dira taldekako K1 modalitatean
Banakakoan, berriz, finalerdietara sailkatu dira Maialen Chourraut eta Pau Etxaniz. Aldiz, lehiatik kanpo geratu da Leire Goñi.
Leire Goñi donostiarra, banakako K1 modalitateko sailkapen proban.BAT Basque Team Oklahomako Eslalom eta Kayak Kroseko Munduko Txapelketan K1 modalitateko eta taldekako probak jokatu ziren atzo, eta Donostiako ordezkariek domina bat lortzeko lehian jarraitzen dute.
Arratsaldean jokaturiko taldekako proban, nahi baino urrunago geratu ziren emakumezkoen eta gizonezkoen taldeak. Maialen Chourraut lasartearrak, Leire Goñi donostiarrak eta Laia Sorribes kataluniarrak osaturiko taldeak zazpigarren bukatu zuen, 104.68ko denborarekin, bi ukitu eginda 9. eta 13. ateetan. Denboraldi osoan zehar podium postuetan egon diren arren, beteranotasuna eta gaztetasuna uztartzen dituen taldeak ez zuen saririk jaso. Australiak eskuratu zuen urrea, Frantziak zilarra eta Eslovakiak brontzea.
Gizonezkoen lehiaketan, berriz, Pau Etxaniz donostiarrak, David Llorentek eta Miquel Travek hamahirugarren tokian bukatu zuten, espero baino akats gehiago egin ondoren. Ukituak egin zituzten 2., 9. eta 17. ateetan. Esloveniak, Suitzak eta Austriak osatu zuten podiuma.
Banakako sailkapena
K1 modalitateko emakumezkoen eta gizonezkoen banakako sailkapen proba jokatu zen atzo eguerdian. Maialen Chourrautek eta Pau Etxanizek finalerdietara sailkatzea lortu zuten, baina Leire Goñi lehiatik kanpo geratu zen.
Chourrautek jaitsiera ona egin zuen, eta une batzuetan sailkapeneko hirugarren postuan kokatu zen. Lehen zatia oso garbia izan zen, baina ibilbidearen bigarren zatian pixka bat trabatu zen 18. atean ukitu bat eginez. Azkenean, 92.34ko denbora egin zuen, Rikarda Funk alemaniarrak (89.38) baino hiru segundo gehiago.
Goñik, berriz, akats bat egin zuen ibilbidearen hasieran, kanalaren barruan ezkutatuta geratu zen euskarri batekin talka eginda. Ezbehar horren ondoren, ez zuen lortu piraguari hasierako abiadura ematea, eta mentalki zein nabigazioan pisu handiegia suposatu zuen horrek. Horri 17. atean egindako ukitu bat gehitu behar zaio. Guztira, 104.92ko denborarekin, 46. postuan bukatu zuen sailkapena. Finalerdietara soilik 30 onenak pasatzen dira. Horiek horrela, espero baino emaitza kaskarragoa lortu zuen Goñik, Krakovian jokaturiko 23 urtez azpiko Munduko Txapelketan hiru domina irabazi zituelako.
Gizonezkoetan, Etxanizek ez zuen hutsik egin sailkapen proban eta finalerdietan izango da. 12. atean akats txiki bat egin arren, 27. postuan bukatu zuen 83.80ko denborarekin. Gogoratu behar da Parisko Olinpiar Jokoetan brontzezko domina irabazi zuela modalitate honetan.

