Gorka Carreraren kontratua bigarrenez luzatu du Realak
Erik Bretos, Gorka Carrera eta Jokin Aperribai, Anoetako bulegoetan.Reala Reala harrobiko jokalarien kontratuak berritzen ari da, etorkizuneko apustu gisara. Horrela, Gorka Carrera aurrelariaren kontratua bi aldiz luzatu dute zortzi hilabeteko tartean. Iazko azaroan, Errenteriako jokalaria 2030era arte lotu zuten, eta orain beste urtebete baterako, 2031ko ekainera bitarte. Carrera da Jon Marin eta Ibai Agirre jokalariekin batera, Realarekin kontraturik luzeena duena.
Klubak baieztatu ez badu ere, lehen taldeko jokalaria izan daiteke. Izan ere, maila oso onean aritu zen pasa den sasoian bigarren taldearekin, bigarren mailan. Hamabost gol egin eta hiru asistentzia eman zituen. Lehen taldearekin ere minutu batzuk jokatu ditu. Zenbaki horiekin, baliteke Pellegrino Matarazzo entrenatzaileak haren alde egitea, beste batzuen kaltetan. Esaterako, Jon Karrikaburu eta Carlos Fernandez. Biak Reala uztekotan dira.
Lehen taldera jauzia egin dezakeen beste jokalari bat ere bada: Luken Beitia. Elgoibarko atzelaria pasa den astean berritu zuen klub txuri-urdinak 2030eko denboraldi bukaerara arte. Beitia bigarren taldeko zutabeetako bat izan zen pasa den denboraldian, eta lehen taldearekin dagoeneko bost partida jokatu ditu.

