Kaiko etxegabetzea gelditu dezan eskatu dio Elizari Etxebizitza Sindikatu Sozialistak
Maiatzean prentsaurrekoa egin zuen Donostiako Etxegabetze Sindikatu Sozialistak.Beñat Parra Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak Seminariora bertaratu dira, Elizak Kaiko etxegabetzearekin jarraitzeko asmoa duelako eta horren aurrean “aterabide bat exijitzeko”.
Sindikatuak adierazi du 2024an hasi zela Eliza etxegabetzea egiten saiatzen, eta hasieratik egon dela eurekin harremanetan jartzen saiatzen. Hala, sindikatu sozialistak salatu du Donostiako Elizbarrutiko arduradunak ez direla irtenbide bat adosteko eseri eta ez dutela horretarako “inongo borondaterik izan”.
Eliza “jabe handia” dela nabarmendu du sindikatuak eta Donostian saldu dituzten eraikin hainbatetan hotelak (asko, luxuzkoak) jarri dituztela gogorarazi du, haiengatik, “gutxienez, 50 milioi” irabaziz. Ez hori bakarrik, sindikatuak salatu du beste halako proiektuak dauzkala Elizak martxan, orain: “Groseko Mariaren Bihotza eskola eta Eliza zirenak luxuzko beste hotel bat izango dela iragarri zuten. Martutenen ere, Gotzaindegiak 5600 metro koadroko lurrak ditu, eta bertan bi bloke, hau da, hamar etxebizitza eraikitzeko baimenak abian daude Donostiako Udalean”.
Ekainaren hasieran ere auzo batzarra egin zela gogorarazi du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Parte Zaharreko bizilagunei etxegabetzea kasuaren ezaugarriak ezagutzara emateko eta Kaiko Karmengo jaietan ere elkartasun keinuak egon direla adierazi du. Sindikatuak nabarmendu du hurrengo asteak bereziki garrantzitsuak direla eta “Eliza eser dadin eta etxegabetzea gelditu dadin antolatzera batzeko deia” luzatu dute.

