Elizak kaiko gazte bat etxegabetu nahi duela salatu dute
Gaztearen familia 60 urtez bizi izan da etxebizitza horretan, baina Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez, Donostiako Elizbarrutiak uztailaren 31n kaleratu nahi du.
Elizak kaiko gazte bat etxegabetu nahi duela salatzeko agerraldia egin du Kontseilu Sozialistak.Beñat Parra Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak agerraldia egin du astelehen goizean kaian, Donostiako Elizbarrutiak Parte Zaharreko gazte bat kaiko bere etxetik “etxegabetu” nahi duela salatzeko eta “aterabide bat” exijitzeko. Mugimendu sozialistako hainbat kide egon dira agerraldian, baita gaztearen senide eta auzokide batzuk ere.
Azaldu dutenez, Donostiako Elizbarrutiak “duela urtebete” etxegabetu nahi izan zuen gaztea, “baina kontratuaren nondik norakoak ez zituzten bete eta etxegabetzea urtebetez atzeratzea lortu zen”. Sindikatuaren arabera, “etxegabetu nahi zutela jakin zuenetik, gazteak eta etxebizitza sindikatuak erabakiaren arduradunekin eseri eta aterabide bat bilatzeko borondatea helarazi zioten Elizari”.
Deitoratu dutenez, ordea, Elizak ez du beraiekin hitz egin nahi izan: “Ez du hitz egin nahi, oraindik ez du etxegabetzeko arrazoia zein den adierazi eta etxegabetzeko erabakia berretsi du behin eta berriro. Azken hilabete honetan, lehen aldiz, aurrez aurre hitz egin ahal izan dute Elizak kontratatutako abokatu batekin, baina, honek ere, soilik Elizako arduradunen mezua helarazi du”.
60 urtez familiaren etxea
Sindikatuak azaldu duenez, kaitik etxegabetu nahi duten gaztearen familia “60 urtez baino gehiagoz” bizi izan da etxe horretan: “Hasieran, etxebizitza izateko egokia ez zen espazio bat etxebizitza bihurtu, eta haiek egokitu eta eraiki zuten. Ordutik, haiek zaindu eta mantendu dute urteotan guztiotan, eta amona eta aitaren heriotzaren ondoren, gazte hau arduratu da horretaz”.
Egoeraren aurrean, “borrokara batzeko” deia egin dute sozialistek, “etxetik eta auzoetatik botatzen gaituzten enpresari eta etxejabeen aurrean antolatzeko”. Horretarako, bi deialdiren berri eman dute: ekainaren 5ean, auzo batzarra egingo dute, 18:30ean eta, ekainaren 27an, “hiri eredu kapitalistaren aurka” mobilizatuko dira, Bulebarretik abiatuta.

Elizak kaiko gazte bat etxegabetu nahi duela salatzeko agerraldia egin du Kontseilu Sozialistak.Beñat Parra
Elizarekin eta udalarekin kritiko
Elizaren negozioak ere izan dituzte hizpide agerraldian, izan ere, gogorarazi dute ez dela “lehen aldia”: “2020tik, Donostian haien jabetzako hainbat eraikin salgai edo alokairuan jarri, eta bertan hotel edo etxebizitza turistikoak eraiki dituzte”.
Horren hainbat adibide eman dituzte, hain zuzen ere: “Groseko Zabaleta kalean zegoen Gotzaindegiaren egoitza, orain, Leonardo boutique hotela da; Artzain Onaren katedralaren ondoan Elizbarrutiaren etxebizitzak zeuden tokian, orain, Villa Katalina hotela dago; San Martin komentua Zenit luxuzko hotela da; San Bartolomeko komentua eta eskola zena, orain, Catalonia luxuzko hotela da. Eta haiengatik gutxienez 50 milioi irabazi ditu Elizak. Ez dira eraikuntza bakarrak, une honetan, Salestarren komentuan Tayko hotela eraikitzen ari dira, komunikabideen arabera orain arteko luxuzkoena izango dena. Eta, aste honetan bertan, Groseko Mariaren Bihotza eskola eta eliza zirenak luxuzko beste hotel bat izango dela iragarri dute”.
Ildo beretik, salatu dute “Donostiako Udalaren papera etxebizitza eta turismoaren negozioan”: “Zenbait neurri proposatzen ditu turismoaren negozioa erregulatzea irtenbide gisa salduz. Bitartean, ordea, enpresari edo errentatzaileen, irabaziak handitzeko baldintzak ezartzen dituzte: “Gutxi batzuen interesak bermatzen dira, etxejabe edo enpresariek hiri eredua diseinatzen dute eta politikariek hura aplikatu”.
“Txanponaren beste aldean”, aldiz, “langile klasearen kanporatzea eta pobretzea” daude, salatu dutenez: “Etxebizitzaren eta turismoaren negozioak auzoan eragin zuzena du. Gero eta gehiago dira turismora bideratutako establezimenduak, eta etxegabetzeak gora doaz, batzuk etxejabeek zuzenean kaleratuta eta beste batzuk zeharka etxebizitzen prezioen gorakadari aurre egin ezinda”.


