Donostiako Klasikoko 25 taldeak baieztatu dituzte
Giulio Ciccone 2025eko irabazlea, Bulebarreko helmugan.Sprint Cycling Abuztuaren 1ean jokatuko da 45. Donostiako Klasikoa, eta parte hartuko duten 25 taldeak baieztatu ditu antolakuntzak. Guztira, 175 txirrindulariko tropela osatuko dute.
Frantziako Tourra bukatzeko egun gutxi falta direnean, argitu dute zeintzuk diren hirira etorriko diren taldeak. UCI World Team mailakoak hemezortzi izango dira: Alpecin-Premier Tech, Decathlon-CMA CGM, EF Education-EasyPost, Groupama-FDJ United, Lidl-Trek, Lotto-Intermarche, Movistar Team, Netcompany INEOS Cycling Team, NSN Cycling Team, Red Bull-Bora-Hansgrohe, Soudal-Quick-Step, Team Bahrain Victorious, Team Jayco AlUla, Team Picnic-PostNL Team Visma-Lease a Bike, UAE Team Emirates XRG, Uno-X Mobility eta XDS Astana Team.
UCI sailkapena dela eta, hiru taldek izango dute klasikoan parte hartzeko aukera, eta hauek izango dira: Pinarello-Q36.5 Pro Cycling Team, Team Cofidis eta Tudor Pro Cycling Team. Horrez gain, antolakuntzak beste lau talde gonbidatu ditu: Burgos BH Burpellet, Caja Rural-Seguros RGA, Equipo Kern Pharma eta Euskaltel-Euskadi.
Ibilbidea
Donostiako Klasikoan parte hartzen duten ziklistek 221,1 kilometro egin beharko dituzte, eta lasterketak Bulebarrean izango ditu irteera eta helmuga. Guztira, zazpi mendate gainditu beharko dituzte: Kalbario, Azkarate, Urraki, Alkiza, Jaizkibel, Erlaitz eta Murgil –4.150 metrotik gorako desnibela–. Azken biak izan ziren iazko Donostiako Klasikoa erabaki zutenak, eta aurten ere baliteke antzera gertatzea.


