Jon Martin da orain Realarekin kontraturik luzeena duena
Lasarte-Oriako atzelari gazteak 2032ra arte berritu du kontratua klub txuri-urdinarekin, eta Donostian jarraitzeko konpromisoa berretsi du.
Jon Martin eta Jokin Aperribai, kontratu berria sinatu ostean.Reala Fitxaketen faltan, Realak harrobiko jokalarien kontratuak berritzen eta luzatzen dihardu. Klubak jakinarazi duenez, Jon Martin erdiko atzelari gazteak 2032ra arte berritu du kontratua, eta horrela Realarekin kontraturik luzeena duen jokalaria bihurtu da.
20 urteko lasartearrak hirugarrenez berritu du kontratua azken bi urteotan. 2024ko apirilean 2030era arte luzatu zuen, 2025eko urrian 2031ra bitarte, eta orain 2032ra arte. Argi dago Realak Martinen etorkizuna txuri-urdina izatea nahi duela, eta baita jokalariak berak ere.
Atzerriko taldeek harekiko interesa agertu duten arren, gipuzkoarrak Realean jarraitzea lehenetsi du. “Oso pozik nago. Realak dena eman dit, eta haren alde ahalik eta gehien ematen jarraitzeko gogotsu nago”, adierazi du Martinek. Horrekin batera, aldagelan erreferente ugari dituela aitortu du: “Mikel, Igor, Ander… niretzat erreferenteak dira, eta ahalik eta gehien ikasten saiatzen naiz haiengandik”.

