Ahots liluragarri bat eta saxofoi sakonak
Samara Joyren kontzertua, Jazzaldian, Kursaalean.Lolo Vasco / Jazzaldia Donostiako 61. Jazzaldia bere osotasunean hasi zen atzo (hilak 23), Kursaal auditorioko eta Trinitate plaza enblematikoko kontzertuekin. Baita indartsu hasi ere, Samara Joyren, David Murrayren eta Joe Lovanoren eskutik.
Joyrekin hasi zen jazz arratsaldea Donostian, eta bai, jazz arratsaldea izan zen, erabat. Hain zuzen ere, jazz klasikoaren doinuek hartu zuten Kursaala, Joyren talde bikainaren eskutik eta, batez ere, Bronxen jaiotako abeslariaren ahots liluragarriaren eskutik. Abesti propio batzuez eta, batez ere, jazz standard ederrez osatutako emanaldia izan, zeinetan, Joyz beraz gain, musikari guztiek izan zuten bakarka luzitzeko aukera. Bikainak soloak, eta are bikainagoa talde gisa sortzen zuten musika.
Honela definitu daiteke Joyren kontzertua: fina eta elegantea. Nota bakar bat ere huts egin gabe, jazz abeslari handien estiloan, kontzertu biribila eskaini zuen Samara Joyk. Nabarmentzekoa da amaieran abesti eder bat gaztelaniaz kantatzera animatu zela eta bis bikoitza eskaini zuela. Berritasun handirik gabe, baina klasikoak ondo eginez; funtzionatzen duena ez dagoelako zertan aldatu, klasikoak zerbaitengatik direlako klasiko. Ez alferrik, sei Grammy sari irabazi du 26 urterekin.
Saxofoia protagonista, Trinitate plazan
Kursaaletik atera eta, interludio gisa, terrazetan Tremendo Piqueteren —saltsa dantzagarri eta bizia— eta La Ola Malditaren —surf-rock bihurria— abesti bana entzunda, Trinitate plaza, aurten Jazzaldia Saria jasoko duten hiru pertsonetako bi ikustera —beste Miguel Martin Jazzaldiko zuzendaria da—: David Murray eta Joe Lovano.
Murray izan zen lehena, eta gero Lovanorekin gertatu zen moduan, Iñaki Salvador pianista donostiarraren eskutik jaso zuen Jazzaldia Saria, eskertuta. Ibilbide luzeko saxofoi jotzailea da Murray, eta 70 urterekin, forma oso onean jarraitzen duela erakutsi zuen Trinitate plazako agertokian. Bere ibilbidean zehar musika beltzaren askotariko estiloak ukitu ostean, birtuosismoa eta sormena uztartzen ditu egungo laukotearekin, baita ederki uztartu ere. Adi entzuteko kontzertua, Murrayren saxofoia adi jarraitzekoa, ez baita halako saxofoi jotzaile bat egunero ikusten Donostian.
Atzokoan, ordea, halako bi saxofoi jotzaile ikusteko parada eduki zuten zaleek Trinitate plazan, Joe Lovano eta bere laukotea ez baitzen atzean gelditu birtuosismoan eta sormenean; ez alferrik, gaueko bigarren Jazzaldia Saria funtsezko musikaria da nazioarteko jazz garaikidean. Murrayrekin gertatu zen moduan, adi entzuteko kontzertua izan zen Lovanorena, berriz ere, ez baita halako saxofoi jotzaile bat egunero ikusten Donostian, atzo bi ikusi baziren ere.
Kafezaleentzako kafea izan zen atzo Trinitate plazan entzundakoa, edo jazz zaleentzako jazza. Hondartzako kontzertu handietatik harago, noski, jazz asko dagoelako urtero Jazzaldian.




