Egia nazioarteko eskubaloiaren erreferente bihurtuko da berriro
Aurtengo Egiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketak nazioarteko talderik onenetako batzuk elkartuko ditu, abuztuaren 12tik 22ra.
Alex Elezgarai eta Asier Linazasoro aurtengo txapelketaren kartelarekin.Maddi Viana Egia auzoa nazioarteko eskubaloiaren erreferente bihurtzen da Aste Nagusian, eta, aurten 31. aldiz ospatuko den aldian, nazioarteko talderik onenetako batzuek jokatuko dute Egiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketan. Parte hartuko duten talde nabarmen batzuk honakoak dira: Bera Bera, Dijon, Logroño, Torrelavega eta Toulouse; Alex Elezgarai eta Asier Linazasoro antolatzaileek azpimarratu dute aurtengoa maila handiko txapelketa izango dela.
Lau neska taldek parte hartuko dute eta hiru mutil taldek. Neska taldeen inguruan, Linazasorok nabarmendu du Dijon taldea Europako txapelduna dela, eta azkenekoz Bera Beraren aurka jolastu zuenean, penalti batengatik irabazi zuela talde frantziarrak.
Mutilei dagokienez, Elezgaraik adierazi du Logroñokoak Espainiako Ligan bigarren postuan geratu zirela, eta Torrelavegakoak bosgarren postuan. Gainera, Toulousekoak Frantziako zazpigarrenak dira. Beraz, mutilen partidetan ere maila handia egongo dela ziurtatu dute bi antolatzaileek.
«Txapelketak prestigioa badauka, auzotarrek eta klubeko kideek egiten duten lanagatik da»
Egiakoa den txapelketa
Kiroldegia txikia denez, inoiz galdegin diete ea beste inon egitea pentsatu duten, Gaskan, akaso, baina Elezgaraik eta Linazasorok nabarmendu dute Egiako txapelketa dela, Egiako klubak egindakoa, eta bertan geratzea nahi dutela. Badakite kiroldegia txikia dela, 300 bat pertsona sartzen dira bertan, baina haiek argi dute, txapelketaren xarma Egian egitea dela. Etxekoa da, auzotarrek antolatua, eta ez dute hori aldatzeko inolako asmorik. Linazasorok adierazi du «klub xume» bat dela Egiako eskubaloi kluba, eta txapelketak prestigioa badauka, auzotarrek eta klubeko kideek egin duten lanagatik dela.
Eskubaloi zaleentzat Donostian lehen mailako partidak ikusteko aukera paregabea dela adierazi du Linazasorok. Giro sanoa sortzen dela nabarmendu dute bi antolatzaileek, maila handiko partidak izango direla eta prezio zuhurrean ikusi ahal izango direla. Gainera, txapelketak jokalariei haien erreferenteak gertutik ikusteko eta haiekin harremana izateko aukera ematen diela adierazi du Linazasorok: «Azken finean oso gertuko txapelketa bat da, eta behin baino gehiagotan, partida amaitu ondoren, hizketan geratzen dira jokalariak, elkarren arteko gertutasun bat sortzen da».

