Ikasleak iraintzeagatik salatutako irakaslea baztertu du Musikenek
Zentroak "zantzuak" ikusten ditu irakasleak jokabide desegokiak izan zituela esateko, eta horregatik hainbat neurri hartu ditu.
Musikene zentroaren eraikina, Bentaberrin.Musikene Musikeneko zuzendaritzak diziplina espediente bat ireki dio harpa irakasle bati, hainbat ikaslek “abusuak, umiliazioak eta tratu txarrak” salatu ondoren. Era berean, irakaskuntzatik baztertu dute. Gogoratu behar da, pasa den ekainean, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko hamar ikasle eta ikasle ohik eta Parisko Rueil-Malmaison kontserbatorioko beste ikasle batek aipaturiko salaketak egin zituzten. Eldiario.es hedabideak eman zuen kasu horren berri.
Horren aurrean, Musikenek barne ikerketa bat abiatu zuen, eta horren atariko ondorioak jakitera eman ditu. Zuzendaritzak “zantzuak” ikusten ditu irakasleak jokabide desegokiak izan zituela esateko, eta horregatik erabaki du diziplina espediente bat irekitzea eta eskoletatik aldentzea “espedientea izapidetzen den bitartean eta prozedura amaitu arte”.
Zentroak elkarrizketak egin eta testigantzak bildu ditu, hogei ikasle baino gehiagoren eta ikasle ohien artean, bai eta irakasleen eta ikastetxeari lotutako beste pertsona batzuen artean ere. Era berean, gertakariak argitzen laguntzeko dokumentazio garrantzitsu guztia aztertu eta erantsi dute. Gaineratu dutenez, irekitako prozedurak “gertaerak argitzea eta, hala badagokio, horietatik erator daitezkeen erantzukizunak zehaztea ahalbidetuko du, eta, betiere, aurreikusitako berme guztiak zainduko ditu”.

