Oroitzapenen gordailua
Filma: Winnipeg, Itxaropenaren Ontzia.
Zuzendaria: Beñat Beitia eta Elio Quiroga.
Urtea: 2026.
Herrialdea: Euskal Herria-Herrialde Katalanak-Txile-Argentina.
90 urte bete berri dira Gerra Zibila piztarazi zuen altxamendu militarretik, eta gertakari latz hura, baita hark utzitako itzal luzea ere, oraindik presente dugu gizartean. Egin izan dira askotariko filmak, fikziozkoak, dokumentalak, esperimentalak zein abangoardistak, eta ezagutu ditugu gerraren nondik norakoak eta ondorioak jorratu dituzten istorio handi zein txikiak. Animazioaren esparrutik iritsi zaigu adibiderik berriena, 2D teknika erabiliz eta 3Dko elementuekin ondutako Winnipeg, Itxaropenaren Ontzia film luzea.
Nazioarteko ekoiztetxeen arteko elkarlanaren emaitza da Beñat Beitia donostiarrak eta Elio Quiroga kanariarrak zuzendutako obra. Zazpi urtez aritu dira lanean, eta animaziozko zinemaldi garrantzitsuenetan parte hartu ostean estreinatu da Hego Euskal Herriko zinema aretoetan; ADI! Filmak euskaraz programaren eskutik euskaraz ikusteko aukera dago gainera. Laura Martel idazle eta gidoilari kanariarraren eleberri grafikoan oinarrituta, 1930eko hamarkadaren amaierako benetako gertakariak dakarzkigu pelikulak.
1939ra garamatza, 2.000 herritar baino gehiagok Frantziara (kontzentrazio esparruetara) alde egin behar izan zuten garaira, eta handik, Ozeano Atlantikoa eta Pazifikoa zeharkatuz, Valparaisora (Txile). Bada, haurra zela, Victor aitarekin Winnipeg zamaontzian Latinoamerikara nola erbesteratu zen gogoratuko du Julia protagonistak; Parisko espainiar immigraziorako kontsula zen Pablo Neruda poetak proposatutako ebakuazio planari esker gauzatu ahal izan zen ihesa.
Flashback luze bat izango da Winnipeg, Itxaropenaren Ontzia pelikularen muina, orainaldiko begiekin kontatuko baitigu emakumeak bizitako exodoa. Eta trantsizioa egiteko, Picassoren Guernica-ren oihartzuna nabari zaion margolan koloretsu bat erabiliko dute zuzendariek. Negar malkoak begietan dituela, Juliaren oroimenarekin batera sartuko gara Bartzelonaren erorketa egunera, bonbardaketetara, izura, faxismoaren krudelkeriara. Hala, fantasiari, irudimenari, askatasun nahiari bidea irekiz, artearen indarrean eta balioan jarriko du filmak azpimarra. Paradisura bidean, Juliak bere koadernoan margotutako pinturek ezarriko dute denboraren joana, eta irudiotan egongo da kondentsatuta erbesteratuen herrimina, gosea, biolentzia, desesperazioa, esperantza. Belaunaldiz belaunaldi transmititu eta aldarrikatu beharreko oroimenaren gordailua dira.
Gurean ere bizi izan zutenaren ispilua aurkituko duzue Winnipeg, Itxaropenaren Ontzia lanean, jakingo duzuenez, Euskal Herriko haurrak Belgikara bidali baitzituzten familia askok, gerratik urrun. Badago ikuspegi frankistatik gaia jorratzen duen film ezagun bat —El otro árbol de Guernica (Pedro Lazaga, 1969)—, memoria historikoaren esparrutik baino diskurtso aldetik aztertzeko interesgarriago litzatekeena; Beitia eta Quirogaren animaziozko proposamenak, aldiz, ikusmira unibertsalagoa du. Lan honek zubi lana egingo du XXI. mendeko gizartearekin eta orainaldiko Winnipeg ontziekin, hau da, egungo gerretatik ihesi doazen herritarrak erreskatatu eta laguntza eskaintzen dutenekin. Elkartasun keinu bat da Winnipeg, Itxaropenaren Ontzia filma, gizatasunaren aldeko oihu ozen bat. Zinema eta animazioa tresna indartsu bilakatu dituzte zuzendariek, iraganeko zauriak gogorarazteko ez ezik, gaur egun oraindik itsasoan babes bila dabiltzanen errealitateari aurrez aurre begiratzeko.

