Urdintzuko zubira itzuliko da kukaña Loiolako jaietan
Loiolan, urtero legez, San Ignazio jaiak ospatuko dituzte, baina egun bat gutxiago iraungo dute aurten. Hala ere, jarduera kopurua ez da txikitu, jai batzordeak programa moldatu egin du jardueren eskaintza mantenduz.
Jai batzordeko kideak aurtengo zapiarekin eta kartelarekin.Maddi Viana Loiolako San Ignazio jaiak ohikoz bost egunetan zehar ospatzen diren arren, aurten lau egun iraungo dute. Uztailaren 30ean hasi eta abuztuaren 2ra arte ospatuko dituzte jaiak. Hala ere, jai batzordeak argi izan du jarduera eskaintza kopurua mantendu nahi dutela; horretarako, programa moldatu egin dute, ohiko jarduera denak epe murriztuagoan eskainiz. Nahi duenak, hemen dauka egitarau osoa.
Aurten, beste berritasun bat ere badute, helduen kukaña berriro ere Urdintzuko zubira itzuliko da. Azken urteetan Latsarien plazan dagoen ontziralekuan egin izan dute, eta jende asko gerturatzen da bertara, Oier Mikeo, jai batzordeko kideak adierazi duenez. 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute helduen kukañan. Gazteagoek, aldiz, umeen kukañan parte hartzeko aukera dute. Honakoa ontziralekuan mantenduko da.
Bestalde, izen ematea duten jarduerak ere badaude: goitibeherak, Got Talent, kanoa herrikoiak eta kuadrilla jolasak. Loiolako jaien sare sozialetan aurkitu daiteke horietan izena emateko bete behar den galdetegia. Bestetik, umeentzako jarduera eskaintza gehiena Sustrai Aisialdi Taldearen esku dago. Haiek prestatzen dituzte jaiei hasiera ematen dien Globota, moto eta trizikloen lasterketa mundiala, San Fermin txikiko tailerra eta entzierroa… Ginkana Nazkagarrira apuntatzeko ere izena eman behar da, aisialdi taldearen sare sozialen bidez edo posta elektronikoz mezu bat bidaliz.
«Auzotarrek parte hartuko duten jarduerak antolatu nahi ditugu, gaztetxoenetatik hasita helduenetara arte»
Prestakuntza eta antolakuntza
Auzoak ere antolakuntzan laguntzen du, aurretik aipatutako jarduerez gain, bestelako laguntza ere eskaintzen du. Mikeok aipatu du bilera irekia egin zuela jai batzordeak orain dela gutxi, jaietan laguntzeko prest egongo diren auzotarrekin biltzeko, eta «espero baino jende gehiago» hurbildu zela aitortu du.
Programan dauden jarduerak denetarikoak dira, haurrentzat eta helduenentzat ere, horregatik gogorarazi nahi izan die Mikeok auzotarrei garrantzitsuena «gustuko duzunarekin geratzea» dela, auzoko jaiak guztientzat direlako. Jai batzordea jai herrikoiak, parte hartzaileak eta adin guztientzako pentsatutakoak antolatzen ahalegintzen da: «Auzotarrek parte hartuko duten jarduerak antolatu nahi ditugu, gaztetxoenetatik hasita helduenetara arte».

