Donostiako Piratek abuztuaren 14ko kontzertuak bertan behera utzi dituzte, ikuskizunetako teknikarien greba babesteko
Tximeleta taldea, Aste Nagusi Piratan. (Argazkia: Lide Ferreira) Donostiako Piratek jakinarazi dute ez direla egingo abuztuaren 14rako Aste Nagusian iragarrita zeuden kontzertuak. Sare sozialetan zabaldutako ohar baten bidez azaldu dutenez, erabakia ikuskizunetako eta ekitaldietako langileek deitutako grebari elkartasuna eta babes osoa adierazteko hartu dute. Ondorioz, egun horretan Flamenka gunean eta Trinitate plazan jo behar zuten Skabidean, Eira, Saioa Erreugiñak, King Konsul eta Revolutionary Brothers taldeen emanaldiak bertan behera geratu dira.
Piratek gogorarazi dute jaiak antolatzeko ezinbestekoa dela langileen egoera kontuan hartzea: “Jai herrikoi, feminista eta parte hartzailea eraikitzen dugun heinean, ezinbestekoa iruditzen zaigu hura posible egiten duten langileen eskubideak eta lan baldintza duinak erdigunean jartzea”, adierazi dute kaleratutako oharrean.
Ikuskizunetako eta ekitaldietako teknikariek bi urte daramatzate lan hitzarmen duin bat lortu nahian. Ibilbide horretan, lehen lanuztea maiatzaren 14an egin zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta beste lau greba egun iragarri zituzten ondoren; horietako bat da Donostiako Aste Nagusiarekin bat egingo duen abuztuaren 14koa.

