Carlos Fernandez xentimorik utzi gabe joan da
Reala utzi ostean, Oviedorekin bigarren mailan ariko da aurrelari andaluziarra. Txuri-urdinek 10 milioi euro ordaindu zituzten beragatik.
Carlos Fernandez aurrelaria Realarekin gol bat ospatzen.Reala 2026-2027ko denboraldiko taldea fintzen eta egituratzen jarraitzen du Realak. Gehiago dira lehen taldea utzi duten jokalariak, fitxaketarik egin ez dutelako. Carlos Fernandez aurrelaria da kluba uzten azkena, Aritz Elustondo (Paok), Brais Mendez (Columbus Crew) eta Mikel Rodriguezen (Alaves) ondoren.
Andaluziarra bigarren mailan ariko da Oviedorekin, txuri-urdinekin zuen beste urtebeterako kontratua bertan behera utzi ostean. Hau da, asturiarrek ez dute ezer ordaindu aurrelaria fitxatzeko. Realak, berriz, 10 milioi euro ordaindu zizkion Sevillari 2021ean, Fernandez Donostiara ekartzeko. Beraz, xentimorik utzi gabe joan da.
Dena dela, gogoratu behar da Realera iritsi eta gutxira eskuin belauneko lotailu gurutzatua puskatu zuela. Horrek nabarmen baldintzatu du bere ibilbide txuri-urdinak. Guztira, 59 partida jokatu ditu Realarekin eta bost gol egin ditu. Fernandezek maila hobea eman du utzita aritu den taldeetan. Esaterako, pasa den sasoian Mirandesekin bigarren mailan 16 gol egin zituen.

