Lantxabe auzo elkarteak salatu du udala La Cumbreren lagapena «blokeatzen» ari dela
Aieteko La Cumbre jauregia. Aieteko La Cumbre finkaren etorkizuna kolokan dago, berriro ere. Hala, Aieteko Lantxabe auzo elkarteak adierazi duenez, Espainiako Gobernuak finka eta lorategiak udalari lagatzeko beharrezko izapideak amaitu baditu ere, Udal Gobernuak akordioa “baztertu eta ostrazismora kondenatu du”.
Auzotarren antzinako eskaera da La Cumbreko lorategiak erabilera publikorako irekitzea. Izan ere, hirigintza espekulaziotik bizirik atera den Donostiako landa etxerik zaharrena da, eta 2003tik Kultura Intereseko Ondasun izendatzeko espedientea irekita dauka. Eraikinak, ordea, iragan iluna du: frankismoko diktadurari eta 1983ko Lasa eta Zabalaren bahiketa zein torturari estuki lotuta dago. Hori dela eta, berreskuratze proiektuak Memoria Demokratikoaren gune gisa integratzea ere aurreikusten du.
Sei hilabeteko isiltasuna eta argibide falta
Auzo elkarteak salatu du udalak otsailaren 18an jaso zuela lagapenari lotutako dokumentazioa, baina sei hilabete igaro zirela Memoria Demokratikoaren Gizarte Kontseiluari horren berri eman arte. Gai hori argitzeko asmoz, EH Bilduk kontrol mozioa aurkeztu zuen uztailaren 23ko udalbatzarrean, eta bertan izandako eztabaidan, bi esku hartze nabarmendu ditu auzo elkarteak:
Alde batetik, Vanesa Velez Alderdi Popularreko zinegotziak Aieteko auzotarren aldarrikapena ETArekin eta terrorismoaren apologiarekin nahastu zituen. Hala, auzo elkarteak dioenez, “esku hartze neurriz kanpokoa” izan zen hori, Giza Eskubideen Batzordeak onartutako dokumentuarekin zerikusirik ez zuena. Bestalde, Ana Lopez Gobernantza Irekia eta Kulturako zinegotziak justifikatu zuen dokumentazioa ez zela aurkeztu espedientean agiriak falta zirelako eta Kontseilua otsailetik ekainera bitartean ez zelako bildu.
Udal gobernuaren bertsioa, auzitan
Lantxabek, ordea, gezurtatu egin ditu Lopezen argudioak. Elkartearen arabera, Eneko Goia alkate oihak hitzarmenaren zirriborroa sinatuta bidali zuen, eta Espainiako Gobernuaren ordezkari Marisol Garmendiak egiteke zeuden zenbait izapideren berri emanez erantzun zion. Udal gobernuak, ordea, ez zuen erantzun. Bestalde, Batzorde Iraunkorra maiatzean bildu zela gogorarazi dute, informazioa ezkutatzeko aitzakiak bertan behera utziz.
Gaur egun, Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkariordetzak kudeatzen du La Cumbre. Bitartean, Lantxabek argi du bere ondorioa: “Udal Gobernua La Cumbreren lagapena blokeatzen ari da, eta oraindik ez du azaldu zergatik”.

