Miren Lazkano izan da donostiarren artetik onena Oklahomako Munduko Txapelketan
Brontzezko domina eskuratu zuen larunbatean, kayak kroseko final lehiatuan. Maialen Chourraut eta Pau Etxaniz ez ziren final-zortzirenetatik pasatu.
Miren Lazkano donostiarra brontzezko dominarekin.BAT Basque Team Podiumetik gertu bi aldiz geratu ondoren, hirugarrenean eskuratu zuen saria Miren Lazkano piraguista donostiarrak. Larunbatean, brontzezko domina irabazi zuen Oklahomako ur bizietako Munduko Txapelketako kayak kroseko final lehiatuan.
Lazkanok erakutsi zuen modalitate horretan munduko onenen mailan dagoela. Lehen kanporaketa erraz gainditu zuen, Brzeska poloniarra, Gonzalez Agirre txiletarra eta Mackie australiarra atzean utzita. Final-zortzirenetan bigarren helmugaratu zen, Stanovska eslovakiarraren atzetik eta Xu txinatarraren eta Setchell britainiarraren aurretik. Final-laurdenetan Ukrainako US, Stanovska eta Woods britainiarraren aurka aritu da, eta bere multzoan lehen postua eskuratuta egin zuen aurrera.
Finalaurrekoan, bigarren postuan bukatu zuen Lazkanok, Noemie Fox australiarraren atzetik, eta final handira iritsi zen. Lauren artean jokatu zituzten dominak, eta donostiarrak hirugarren bukatzea lortu zuen, brontzezkoa eskuratuz. Alena Marx suitzarrak irabazi zuen urrea eta aipaturiko Foxek zilarra. Aldiz, laugarren bukatu zuen Ricarda Funk alemaniarrak.
Finalaren ostean, Lazkanok Basque Teameko komunikazio taldeari azaldu zion domina honek lasaitasuna eta konfiantza eman dizkiola, egiten ari den lanean sinesten jarraitzeko eta piraguismoaren aldeko apustua indartzeko. Saria iaz zendutako amari eskaini zion, eta bereziki egunerokoan bidelagun dituen aitari eta anaiari.
Chourraut eta Etxaniz
Kayak kroseko txapelketan Maialen Chourraut eta Pau Etxaniz piraguistek ere parte hartu zuten. Ordea, biak final-zortzirenetan kanporatu zituzten, 26. eta 28. postuetan bukatura, hurrenez hurren.
Chourraut lasartearra lehen kanporaketan bigarren helmugaratu zen, Pankovaren atzetik. Final-zortzirenetan, ordea, ez zuen aurrera egiteko aukerarik izan. Irteeran oso indartsua den Leaver britainiarraren, Zwolinska poloniarraren eta Chen txinatarraren aurretik ezin izan zen sailkatu, eta laugarren bukatu zuen.
Etxaniz donostiarrak antzeko bidea egin zuen. Laugarren izan zen hasierako kanporaketan, Butcher zeelandaberritarraren, Baldoni kanadarraren eta Eigel uzbekistandarraren atzetik, eta gainera irteeran penalizazioa jaso du. Dena dela, bigarren aukerak ez zuen hutsik egin, bere multzoko onena izan zelako. Tamalez, final-zortzirenetan laugarren tokian bukatu zuen, Marx suitzarraren, Madore frantziarraren eta Butcher zeelandaberritarraren atzetik, eta lehiatik kanpo geratu zen.
Munduko Txapelketa bukatuta, piraguista donostiarren denboraldiak aurrera jarraituko du. Oraindik bi Munduko Kopa dituzte jokatzeko —Parisen eta La Seun—, baita Europako Txapelketa ere, Ivrean.


