90 urte Loiolako kuarteletako militar kolpistak errenditu zirenetik
Miliziano antifaxistak, Donostian, 1936ko udan.Agustina Zugasti/Kutxateka Gaurko egunez, duela 90 urte, 1936ko uztailaren 28an, 36ko gerra betean, Loiolako kuarteletako militar kolpistek amore eman zuten, eta Donostia indar errepublikano eta antifaxisten esku gelditu zen.
Uztailaren 18ko estatu kolpearen aurrean zalantza batzuk eduki ostean, militarrak uztailaren 22an atera ziren kuarteletatik, hiria hartu nahian. Hainbat eraikin esanguratsu bere egin zituzten militar batzuk, baina beste batzuk ezin izan ziren Urbieta kaletik pasatu, CNT sindikatu anarkistaren gidaritzapean, milizianoak bertan antolatuta baitzeuden ordurako.
Borrokaldi handien ostean, militarrak atzera egitera behartu zituzten, eta, pixkanaka, kolpistak hiriko eraikin esanguratsuetatik ere bota zituzten eta kuartelak setiatzen hasi ziren. Azkenean, hilaren 28an, kolpistak errenditu egin ziren, Urdintzuko zubian egindako negoziazioetan.
Indar frankistak ez ziren hirian sartu irailaren 13ra arte, Irungo frontea erori ostean. Horrela, ia bi hilabetez, legalitate berria ezarri zuten hirian indar antifaxistek, Manuel Chiapuso militante anarkistak Donostiako Komuna gisa definitu zuena.

