Remco Evenepoelek aukera izango du Donostiako Klasikoa laugarrenez irabazteko
Ostiralean, abuztuaren 1ean, egingo den lasterketaren 45. edizioaren aurkezpen ofiziala egin dute Donostiako Udaletxean.
Remco Evenepoel belgikarrak 2023an irabazi zuen hirugarrenez Donostiako Klasikoa.Sprint Cycling Frantziako Tourra bukatu berritan, abuztuaren 1ean, nazioarteko txirrindulari ezagun asko etorriko dira Donostiako Klasikora. Horietako bat da Remco Evenepoel, Tourreko txapeldunordea eta Donostiako Klasikoa hiru aldiz irabazi duena —2019an, 2022an eta 2023an—. Azken garaipenetik hiru urte bete direnean, belgikarrak garaipenen errekorra ezartzeko aukera izango du. Laugarrenez irabaziko balu, Marino Lejarreta handia gaindituko luke.
Evenepoelek, ordea, lehiakide gogorrak izango ditu. Guztira, 25 taldek parte hartuko dute, eta izen handiko ziklistak daude behin-behineko zerrendan: Giulio Ciccone iazko irabazlea, Primoz Roglic, Maxim Van Gils, Mikel Landa, Julian Alaphilippe —2018ko irabazlea—, Marc Hirschi –2024ko irabazlea—, Igor Arrieta, Jan Christen, Ben Healy, Felix Gall, Pello Bilbao, Ion Izagirre, Alex Aranburu, Enric Mas, Cian Uijtdebroeks, Nairo Quintana eta Oscar Onley. Horrez gain, gogoratu behar da Tourretik zuzenean etorritako txirrindulari gutxik lortu dutela Donostiako Klasikoa irabaztea.
Gaur goizean egin dute aurkezpen ofiziala, Donostiako Udaletxean. OCETA talde antolatzaileak, agintariek eta babesleek hartu dute hitza. “Donostiako Klasikoak 45 edizio bete ditu, World Tourraren egutegiko hitzordu garrantzitsua da, eta nazioarteko txirrindularitzaren barruko klasiko handietako bat. Aurten ere, lasterketak Gipuzkoako lurraldea zeharkatuko du, zazpi mendate izango ditu, eta betiko moduan, Donostiako Bulebarrean amaituko da”, nabarmendu du Javier Riaño OCETAko presidenteak.
Hain zuzen ere, Donostiako Klasikoan parte hartzen duten ziklistek 221,1 kilometro egin beharko dituzte, eta lasterketak Bulebarrean izango ditu irteera eta helmuga. Guztira, zazpi mendate gainditu beharko dituzte: Kalbario, Azkarate, Urraki, Alkiza, Jaizkibel, Erlaitz eta Murgil –4.150 metrotik gorako desnibela–. Azken biak izan ziren iazko Donostiako Klasikoa erabaki zutenak, eta aurten ere baliteke antzera gertatzea.


