Udalak debekatu egin ditu kaleko afari solidarioak
300 pertsona baino gehiago "afaltzeko alternatibarik gabe" gelditu direla salatu du Kaleko Afari Solidarioak taldeak. Gaur, hilak 28, prentsaurrekoa egingo dute udaletxearen aurrean, 12:00etan.
Kaleko Afari Solidarioak taldeko kideen protesta bat, osoko bilkuren aretoan.Sara Ibarguren Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeak jakinarazi duenez, Donostiako Udalak debekatu egin die afariak hiriko leku guztietan eskaintzea. Udaltzaingoaren bidez jaso dute debekua, eta honela dio: “Gaur, 2026ko uztailaren 27an, udal ebazpen bat sinatu da, hiriko espazio publikoetan afariak banatzeko jarduera debekatzea ebazten duena. Kaleko Afari Solidarioak herritarren kolektiboak banatzen dituena, hain zuzen ere”.
Udaleko hiru sail hauen txosten teknikoak aintzat hartuta ezarri dute debekua: Espazio Publikoaren Erabilera Unitatea, Osasun Publikoko Saila eta Udaltzaingoa. “Hori dela eta, bihar, egun hori barne, debekatuta egongo da afariak bide publikoan banatzea Donostiako hirian”, dio ebazpenak. Hau da, gaurtik aurrera, ezin dira afariak eskaini egoera zaurgarrian eta kale egoeran dauden pertsonei.
300 pertsona baino gehiago “afaltzeko alternatibarik gabe” gelditu direla salatu du KAS taldeak. Hori dela eta, gaur, hilak 28, prentsaurrekoa egingo dute udaletxearen aurrean, 12:00etan.
Gogoratu behar da ekaineko udalbatzarrean, PPk kaleko afari solidarioen inguruko mozio bat aurkeztu zuela. Besteak beste, udal gobernuari eskatu zioten ez onartzeko “elikagaien banaketa kolektiboko jarduerarik espazio publikoetan”. Mozioa ez zen aurrera atera, baina popularren eta udal gobernuaren jarrera salatu zuen KASek.

