Bigarrenez egingo dute Bolo-Bolo Weekend jaialdia
Mostaza Karizia talde donostiarra.Telmo Casal Intxaurrondon lur hartu ondoren, Irungo Bloody Mary disko dendak eta promotoreak jarraipena emango dio Bolo-Bolo Weekend jaialdiari. Iazko lehen edizioak izandako harrera onaren ostean, bigarrenez antolatu dute. Abenduaren 11n eta 12an izango da Intxaurrondo Kultur Etxean.
Bi eguneko jaialdiak esentzia bera mantenduko du, “zuzeneko musika, talde egonkortuak, euskaraz abesten duten tokiko taldeak eta nazioarteko musika eszenako promesa gazteak uztartzen dituen programazio zainduarekin”.
Guztira, zortzi talde ariko dira Bolo-Bolo Weekend jaialdian, eta horietako bi dira donostiarrak: Marte Lasarte eta Mostaza Karizia —estreinako diskoa aurkeztuko dute—. Gainerakoak dira Triángulo de Amor Bizarro, The Sadies, Dear Joanne, Funeral de Caballo, Sal del Coche eta Shego.
“Rocka, pop-rocka, psych-rocka eta elektro-punka euren adierazpen anitzetan ospatzen dituen topaketa da, emakumez osatutako edo emakume gehiengoa duten taldeen presentzia nabarmenduz. Egun bakoitzean zenbait talde elkartuko dira, musika garaikidearen erritmoa islatzen duten tokiko zein nazioarteko ordezkariak”, dio Donostia Kulturak.
Bi eguneko bonua 46 eurokoa da, eta uztailaren 30etik aurrera jarriko dituzte salgai, 11:30ean, Viktoria Eugenia Antzokiko leihatilan eta www.donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.

