ELA eta LAB sindikatuek kritikatu egin dute udalak KASi ezarritako debekua
Egiako KASeko kideak, debekuaren osteko lehenengo gauean, Gipuzkoa plazan.Beñat Parra Donostiako Udalak kaleko afari solidarioak debekatu ostean, mobilizaziora deitu du afari horiek banatzen zituen KAS taldeak gaur iluntzerako, 20:00etan, Parte Zaharreko Plaza Berritik abiatuta. Mobilizazio horrekin bat egin dute ELA eta LAB sindikatuek, baita udalaren erabakia gogor kritikatu ere.
Bi euskal sindikatuek deritzote Jon Insausti alkate jeltzaleak “eskuinaren” eta eskuin muturraren diskurtsoa” erosi duela. ELAk, esaterako, Berria egunkariak jaso duenez, gaitzetsi egin du gizarte bazterketako arazo bati “erantzun zigortzailea eta poliziala” eman izana, eta “exijitu” du afariak jasotzera joaten ziren etxerik gabeko pertsonen egoera konpontzeko, baita horientzako artatze lanetara “aurrekontu handiagoa” bideratzeko ere.
Ildo beretik, LABek, ohar baten bidez salatu du udalak Udaltzaingoa erabili duela “errepresioaren bidea” indartzeko. Halaber, sindikatuak gaitzetsi egin du Udaltzaingoaren txostenak migrazioa eta segurtasun gabezia lotzen dituen “eskuinaren diskurtsoa” elikatu izana, zuzenean lotuz afari solidarioak eta delinkuentzia tasa.

