Etxebizitza, ekonomia eta donostiarren ongizatea dira Jon Insaustiren lehentasunak
Udal kurtsoaren balantzea egin du Insaustik, gaur goizean, kazetariekin.Donostiako Udala Jon Insausti Donostiako alkateak 2025-2026ko udal urtearen balantzea egin du gaur goizean, kazetariekin egindako gosari informatibo batean. Lortutako aurrerapenak aldarrikatu ditu, eta datozen hilabeteetan hiriko udal gobernuaren jarduna markatuko duen ibilbide orria finkatu du.
Etxebizitza, sendotasun ekonomikoa eta herritarren ongizatea dira Insaustiren hiriaren ondorengo erronkak, eta baita bere lehentasunak ere. Azken urteotan, mugikortasuna “protagonista” izan dela esan du, eraldaketa sakonak eragin dituelako hirian. Hurrengo protagonista, berriz, etxebizitza izan behar dela nabarmendu du. Hamarkada honetako “erronka nagusia” dela gaineratu du, eta mugikortasuna eraldatu eta hiri egitura birdefinitu duten azpiegiturak “palanka bihurtu” behar direla, erronkari aurre egin ahal izateko. Baita ere, Donostian bizi, lan egin eta bizi proiektua garatu nahi dutenek hori egin ahal izatea bermatzeko.
Donostiaren aktibo nagusietako bat “erakundeen egonkortasuna” dela nabarmendu du alkateak eta gaineratu du hiriek “gobernu egonkorrak” dituztenean egiten dutela aurrera: “konfiantza sortzeko gai direnak, hitz egiten dutenean, akordioak lortzen dituztenean eta erabakiak hartzen dituztenean”. Halaber, aste honetan bertan alkatetzak, bere kabuz, erabaki du Kaleko Afari Solidarioak debekatzea.
Aro berri bat
Hiriaren “lehentasun nagusia” etxebizitza izango dela ziurtatu du Insaustik, eta erronkari aurre egiteko hainbat neurri ari direla aurrera eramaten: Etxebizitza berrien eraikitzea eta erabilera aldaketei eta bereizketei buruzko araudi berria, besteak beste. Etxebizitzaren Behatokiaren lehen txostena udaren ostean aurkeztuko dutela jakitera eman du alkateak.
Bestalde, Insaustik ziurtatu du Donostiak “sendotasun posizio batetik” egingo diola aurre etorkizunari eta Donostiarra 2040. Topera proiektuak eduki duen “hasiera ona” nabarmendu du eta iragarri du irailean irekiko zaiela herritar guztiei prozesua, “ekarpen berriak sartzeko eta izaera parte hartzailea indartzeko”.

