«Ilusio handiz konpartitzen dugun eguna da»
Ia hogei urte dira Amaikak Bat danborradak Parte Zaharreko kaleak hartzen dituela, San Ignazio egunean. Aurten ere, dantzariak eta Donostiako Udaleko Txistularien Taldea egongo dira danborradarekin batera Plaza Berrian egingo duten emanaldian.
Amaikak Bat danborrada, dantzariak eta Donostiako Udaleko Txistularien Taldea, Plaza Berrian.Amaikak Bat Parte Zaharreko Amaikak Bat elkarteak 2007ko maiatzean erabaki zuen San Ignazio egunean, uztailaren 31n, danborradarekin ateratzea. Alberto Cenzano eta Nerea Gonzalez Roncal elkarteko zein batzordeko kideekin hitz egin du hedabide honek.
Bilera batean dokumentazioa berrikusten ari zirela, elkartearen sorrera uztailaren 31ean izan zela ohartu ziren, San Ignazio egunean; eta, mendeurrena ospatzeko modurik onena danborrada bat egitea zela erabaki zuten. Hala, jadanik ia hogei urtez ibili da Amaikak Bat danborrada Parte Zaharreko kaleak girotzen, San Ignazio egunean.
Aurten 145 lagunek parte hartuko dute danborradan, Los Incansables txarangako kideak barne –lehen ediziotik dabil txaranga danborrada musikatzen–, eta “harrotasun eta emozio” handiz beteko dute Parte Zaharra danbor hotsez. Ilusio handiz partekatzen duten eguna dela aitortu dute Cenzanok eta Gonzalezek, bazkideak, senideak eta lagunak biltzen direlako egun berezi horretan. Dantzariekin eta Donostiako Udaleko Txistularien Taldearekin elkartzen dira, haiekin egiten baitute emanaldia Plaza Berrian.
Danborrada irten aurretik materiala berrikusi behar dute, baimenak izapidetu, parte hartzaileen “alta eta bajak kudeatu”, txarangarekin hitz egin… Horregatik, San Ignazio eguneko danborrada antolatzen hilabete batzuk lehenago hasten dira. Hala ere, entseguak astebete lehenago hasten dira, parte hartzaile askok urteak daramatzatelako bertan parte hartzen.
Harrera bikaina izaten duela ziurtatu dute Cenzanok eta Gonzalezek, Parte Zaharrean San Ignazio egunaren inguruan ospatzen den danborrada bakarra delako. Are gehiago, uztailaren 31a hiriak bisitari ugari hartzen dituen egunetako bat dela aitortu dute, eta bisitari horietako askok haiekin topo egiten dute, ustekabean, eta “jai giroaz gozatzen” dutela nabarmendu dute: “Ilusio handiz konpartitzen dugun eguna da”.
Halaber, maitasunik bereziena ibilbidean zehar bisitatzen dituzten elkarteengandik datorrela ziurtatu dute elkarteko bi kideek. Urtez urte ateak irekitzen dizkiete eta abegi ona egiten diete Parte Zaharreko hainbat elkartek: Errioxako Etxea, Union Artesana, Kresala, Lur Gorri, Ardatza, Euskal Billera, Aizepe, Aitzaki, Gaztelubide, Esperanza eta Kañoyetan.
Etorkizunari begira
Lehenengo aldiz egin zenean 60 lagun inguruk parte hartu zutela aipatu dute elkarteko bi kideek, eta Esperanza kirol elkartearen partetik jaso zuten laguntza gogoratu dute. Haiek utzi zizkieten danborrak eta kupelak lehen aldi hartan danborrada egin ahal izateko. Orain material propioa dauka elkarteak, dagoeneko hiru aldiz berritu dutena. Urtetik urtera, parte hartzeko interesa handitzen ari dela nabarmendu dute Cenzanok eta Gonzalezek, eta etorkizun oparoa duela danborradak.
Gero eta gazte gehiagok parte hartu eta lagundu nahi dutela adierazi dute, eta gaineratu dute azken urteotan “bazkide gazte berriak” sartu direla. Hori dela eta, elkartearen etorkizunarekin baikor daude. Izan ere, etorkizuneko belaunaldiek “jasotako ondarea jasotzen jarraitzea” espero dute. Baita elkartearen tradizioak eta jaiak bizirik mantendu ditzatela ere. Era berean, ahal dela, haiek bertan egoten jarraitzea espero dute, haien ondoren lekukoa hartzen dutenekin batera egun berezi horretaz gozatu ahal izateko.


