Aste Nagusian zehar Ertzaintzak eta Udaltzaingoak haien presentzia areagotuko dute
Donostiako Segurtasuna Koordinatzeko Batzordea aurreko astean bildu zen.Donostiako Udala. Prebentzio dispositibo bateratua koordinatu dute Aste Nagusiari begira Ertzaintzak eta Udaltzaingoak. Donostiako Segurtasuna Koordinatzeko Batzordearen bilera egin zuten aurreko astean eta bertan, segurtasun dispositiboa zein izango den landu eta adostu dute.
Jende asko ibiliko den inguruetako segurtasuna “zaintzen” 200 agente inguru egongo dira, “bai eta horien ostean etxera egingo diren ibilbideen segurtasuna ere, batez ere gauean”. Jarduera jendetsuenek “berariazko” tratamendua izango dutela ziurtatu dute bi polizia kidegoek eta baita ere delitu ohikoenen prebentzioan arreta “berezia” jarriko dutela.
Martin Ibabek, Donostiako Udaleko Herritarren Segurtasuneko, Suhiltzaileetako eta Babes Zibileko zinegotziak, nabarmendu du, Udaltzaingoa eta Ertzaintza kalean egongo direla “herritarrei laguntzeko” eta bereziki zaintzan egongo direla adi, baina, gainera, behar duen edonork jo dezakeela agenteengana, ohiko segurtasun puntuetara edo 112ra.

