Eguzki talde ekologistak gasolio isuri baten ondoren hainbat animali hil egin direla salatu du
Urumean hilda agertutako ahate bat.Donostia Kayak Eguzkik sare sozialetan adierazi duenez, isuria uztailaren 23an gertatu zen Urumea ibaian, Donostia Kayak klub parean, Txomiñenean.
Bertan, usain sendoa zuen gasolio orbana agertu zen. Ondorioz, Ura erakundeak eremua aztertu zuen, baina egun batzuk geroago hainbat basahate, antxeta, ubarroi, aingira, eta abar hilda agertu ziren.
“Ez da horrelako zerbait gertatzen den lehenengo aldia, ez bigarrena, ezta hirugarrena”, adierazi du Eguzkik.
Halaber, talde ekologistak “isuri honen jatorria eta animali hauen heriotzaren eragilea inoiz jakingo ez duela” deitoratu du, izan ere, taldekideen ustez, “hau erakundeei gutxi inporta zaie”. Gainera, polizia ingurumena jorratzen duten gaietan “oso txarra” dela adierazi dute.

