Hamarrekoa Donostia Arraun Lagunakentzat
Lekeition eta Santurtzin lortu ditu azken bi garaipenak talde donostiarrak.Aitor Arrizabalaga Hamarretik hamar. Euskotren ligan jokaturiko bandera guztiak astindu ditu Donostia Arraun Lagunak-ek, sendo aritutako beste asteburu baten ondoren. Atzo, Lekeitioko bandera nagusitasunez eskuratu zuen Lugañenea ontziak, estropada eremuko marka hautsita. Ohorezko txandan gertu izan zituzten Tolosaldea eta San Juan, 2,8 eta lau segundo atera zizkien, hurrenez hurren.
Donostiarrako neskak, aldiz, nagusi izan ziren lehen txandan eta laugarren sailkatu ziren, Hibaika, Orio, ohorezko txandan aritutako Astillero eta Zumaiaren aurretik. Hala, bezperako emaitza ona berretsi zuen Bantxa ontziak. Izan ere, lehen txandan nagusi izan zen eta bosgarren denbora onena osatu zuen. Garailea jakina denez, Arraun Lagunak izan zen. Ohi baino 550 metro gehiago egin behar izan zituzten Euskotran ligako ontziek Santurtziko uretan, eta ustez kale txarra egokitu zitzaion Lugañeneari eta askoz hobea Tolosaldeari. Hala ere, hamasei segundo atera zizkion Arraun Lagunakek bigarren izan zen aurkariari.
Sailkapen nagusiari dagokionez, buruan dago Donostia Arraun Lagunak, 80 punturekin, eta hamasei puntuko aldea du bigarren den Tolosaldearekiko. Donostiarra, berriz, zazpigarren postuan dago 27 punturekin.

Eusko Label ligan, Donostiarrako mutilek hobera egin dute asteburuan. Lan ona egin zuen Donostiarrak Lekeitioko uretan atzo. Oriok menderatu zuen estropada eta zazpi segundo atera zizkion bigarren txandan nagusitu zen Donostiarrari. Baldintzak okertzen joan ziren txandaz txanda eta horrek donostiarren alde egingo zuela bazirudien ere, zortzigarren bandera eskuratu zuten San Nikolas ontzikoek bezperan ere nagusitu baitziren Santurtziko estropadan. Larunbateko estropadan ere, bigarren txanda oso lehiatua Donostiarrak irabazi zuen, baina bosgarren izan zen sailkapenean, ohorezko txandan aritutakoen atzetik, eta lehenengoan gainditu zen Chapelari bi segundoko aldea aterata.
Sailkapen nagusian, seigarren tokian daude Donostiarrako mutilak 82 punturekin, liderra de Oriok, aldiz, 121 puntu ditu.
Euskotren Ligako sailkapena eta emaitzak
Eusko Label ligako sailkapena eta emaitzak

