Remco Evenepoelek laugarrenez irabazi du Donostiako Klasikoa
Evenepoel eta Carapaz, Bulebarreko helmugan.Luis Angel Gomez/Sprint Cycling Agency Remco Evenepoel historia egiteko gogoz zen larunbatean, hilak 1, 45. Donostiako Klasikoa probaren irteeran, eta nahia bete ere egin zuen helmugan. Ez zen asmo erraza, izan ere, Julio Ciccone, Richard Carapaz eta Jonathan Narvaez ere lehian ziren. Lasterketa gorabeheratsua izan zuen, bizikleta aldatu behar izan batzuen belgikarrak 49 kilometro falta zirela, eta taldearen kudeaketa txarraren ondorioz, bakarrik geratu zen. Edonola, egoera irauli zuen hurrengo kilometroetan. Bulebarreko azken luzean, esprintean, aurre hartu zion Carapazi eta lehena izan zen amaierako marra zeharkatzen. Hala, lasterketa honetan garaipen gehien lortu dituen txirrindularia da, Mariano Lejarretaren aurretik. Bigarren izan zen Carapaz eta hirugarren, Tulett.
Hasierako metroetan ihesaldia gertatu zen, Tim Rex, Iñigo Elosegui, Adne Holter, Valentin Ferron, Lorenzo Quartucci, Nicolas Alustiza, Nickolas Zukowsky eta Joan Bou. Tropelarekin gehiengo tartea 3 minutu eta 5 segundokoa izan zen. Jaizkibel igotzen hasi aurretik tropelak beste martxa bat sartu, eta iheslariekin tartea 47 segundora murriztu zuen. Zenbait eraso egin zituzten eta Tim Rex lasterketako buru izan zen bakarka. Tropela hurbiltzen joan zen eta Jaizkibel gailurrean, 20 segundokoa zen buruarekin zuen aldea. Beheranzkoan, lasterketa buruan zeuden sei txirrindulariekin tartea moztu zuen tropelak.
Erlaitz igoeran, gailurrerako kilometro bat falta zenean, faboritoen taldeak, Ciccone buru, ihes egindakoak harrapatu zituen. Evenepoel ez zegoen faboritoen taldean aipatutako ezbeharraren ondorioz, 42 kilometro faltan, 35 segundoko tartea zuen hamar lagunek osatutako lasterketako buruarekiko. Bederatzi kilometro geroago lortu zuen haiekin bat egitea.
Amaierarako 13 kilometro besterik falta ez zirenean, Arrietak erritmoa igo zuen eguneko azken igoeraren aurretik. Evenepoel izan zen eraso egiten lehena eta Carapaz gurpilari itsasita zeukan. Biek bakarrik ihes egin zuten Murgileko igoeraren zatirik gogorrenean. Elkarrekin heldu ziren gailurrera eta bien artean zortzi kilometroko erlojupekoa egin zuten helmugara iritsi arte.

