«Harrigarria da, baina oraindik ere maiteminduta gaude musikarekin»
Trikitia eta panderoa eskuan, 40 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du Tapia eta Leturia taldeak. Zenbait urtez elkarrekin jo gabe egon ondoren, duela hiru urte itzuli ziren oholtza gainera, eta abuztuaren 10ean Donostiako Piraten Aste Nagusiko eszenatokian ariko dira. Joseba Tapiak aitortu du erronka dela belaunaldi berrien aurrean jotzea, baina, dioenez, lehen gurasoek kantatzen zituzten abesti berberekin, orain, seme-alabak ere dantzan ikusten dituzte.
Joseba Tapia musikaria.Garazi Etxaniz Idarreta Gazte batzuentzat lehengo aldia izango da zuek eszenatokian ikusiko zaituztetena. Zer espero dezakete?
Erronka da guretzat, zailena izaten baita musika estilo bat belaunaldi ezberdinengana iristea. Orain dela hiru bat urte elkartu ginen berriro ere Leturia eta biok, eta, ordutik, sorpresa handiak izan ditugu. Ezagutzen ez gintuen jende askok harrituta begiratzen gintuzten, «baina hauek ez al zeuden ba hilda?», esango balute bezala. Beste askok gurasoen erreferentziak zituzten, edota txikitan entzunda zituzten gure abestiak. Jada badaramatzagu urte batzuk gure erromeria errepertorioarekin, eta oso ondo funtzionatzen du. Sumatzen da jendeari ezagunak egiten zaizkiola kantu asko, eta uste dugu abestiak talde handiarekin eramanda eszenatokira, polita geratzen dela. Gu horrela sinistuta gaude.
Tapia eta Leturiak, bikote gisa, geldialdia izan duzue urte askoz. Zer dela eta?
Etapa ezberdinak izan ditu Tapia eta Leturia taldeak. Hasieran, bikote gisa hasi ginen, baserri munduan, bertan kontsumitzen baitzen trikitia. Donostiara etortzea bitxia zen eta jendeak arraro begiratzen gintuen. Hala ere, gu ez ginen baserri mundukoak, kalekoak ginen, eta gure influentziak ezberdinak ziren. Rock zaleak ginenez, halako nahasketak egiten hasi ginen, trikitiaren eta rock musikaren artean. Hasieran, txokea izan zen, baina berehalakoa izan zen publikoaren onarpena.
Geroxeago, Negu Gorriak, Ertzainak eta horrelako taldeekin jotzen hasi ginen. Guk ere halako talde rockeroa nahi genuen, eta halaxe sortu zen Tapia eta Leturia Band. Bi disko egin genituen, eta baserri mundukoek ez zituzten batere maitatu, iraindu egin genituen! Baina belaunaldi gazteek besoetan hartu gintuzten, eta Iparraldean asko jo genuen garai hartan.
Talde hura ere amaitu zen, eta Leturia eta biok itzuli ginen berriro ere; pieza zaharren bilduma egin genuen elkarrekin. Eta horren ostean iritsi zen azken etapa izango litzatekeena, Quebeceko estiloan laukotea osatu genuenekoa: Arkaitz Minerrek, Txus Aranburuk, Leturiak eta nik. Hamar urtez aritu ginen taldearekin, baina nekaldia ere iritsi zen, eta gelditzea erabaki genuen. Ordutik, nik nire bakarkako diskoak egiten jarraitu nuen.
Azken hiru urteetan, ordea, oholtza gainera itzuli zarete.
Itzulerak lotura du nire azken-aurreko diskoarekin. Orkestra handi bat antolatu nuen, eta pentsatu genuen gure lehenengo kanta haiek, moldaketa horiekin, oso politak gelditu zitezkeela; hortik eman genuen saltoa berriz Tapia eta Leturia taldeak. Etapa askoren ondoren, horrela lur hartu dugu hemen. Hasieran, ez genuen pentsatu hori dena egingo genuenik.
“Edadeko jendeak, orain ni naizena, marra gorriak oso osatuak ditugu, eta ez ditugu gauza batzuk onartzen. Pena da, gauza ederrak alde batera uzten ditugulako. Nik haien alboan egon nahi nuen”
‘Compostelako Erromesa’ abestiaren ‘remix’-a egin zenuten, Maruxak taldearekin. Nola suertatu zen ideia?
Beraiena izan zen, gure tronboi jotzaileak haien lagunak dira eta. Guk ez genituen ezagutzen. Orain gazteek gauza arraroak egiten dituzte, zure kanta bat hartu eta letra aldatu egiten dute erabat! Guretzat berria zen, baina pentsatu nuen gure aurrekoek gurekin egin zuten moduan, nik ere jarri behar nuela haien eskura. Txerokee diskoa egin genuenean, Mikel Laboaren omenez, talde asko elkartu ginen: Su Ta Gar, Negu Gorriak, Kiowak… eta pentsatzen nuen Laboarentzat hura izango zela estralurtarren mundua; baina beti ikusten nuen gazteekin egoteko gogoz. Nik ere ahalegin hori egin behar nuela pentsatu nuen. Edadeko jendeak, orain ni naizena, marra gorriak oso osatuak ditugu, eta ez ditugu gauza batzuk onartzen. Pena da, gauza ederrak alde batera uzten ditugulako. Nik haien alboan egon nahi nuen.
Orain asko gustatzen zaizkit, oso polita izan da Maruxak-ekoekin egin duguna, eta oso lagunak gara. Egin ditugu pare bat kontzertu elkarrekin, eta beste mundu bat da.
Nola bizi duzue gaur egungo musikari gazteen ekosistema?
Puntu diferentetatik. Alde batetik, inoiz baino prestatuago ikusten ditut gazteak, sormen handiarekin. Teknikoki eta estilo berriei dagokienez ere aurrerapen handia ikusten dut gure garaiarekin alderatuta. Jendearekin konektatzen dute, horra haien meritua. Gehiago ere badira, produkzioa asko erraztu da.
Bestalde, Euskal Herriko egoeran ikusten ditut atzerapausoak. Askoz ere espazio gutxiago daude euskal musikarentzat, oro har; pena da. Zaharren komentarioa da, baina iruditzen zait guk aukera askoz ere gehiago eduki ditugula eta oraingoentzat zailagoa dela. Beraz, gazi-gozo.
Eta erromeriak? Asko aldatu dira?
Antzekoa pasatzen zait, gazi-gozo. Baserri mundua akabatu dugu, tristea da zein egoeratan dauden. Hala ere, erromeriek oso ondo funtzionatzen dute. Aldatu da tokia, espazioa… lehen Donostian jotzea arraroa bazen, orain, Donostiara gatoz jotzera. Jendeak dantza egiten du eta oraingoei ere balio die fandangoak, arin-arinak… Lehen, urte guztian ez zuten musikarik entzungo festetan izan ezik, eta orain musika dago toki guztietan. Aldatu da panorama, baina hortxe goaz gu ere, olatu edo zurrunbiloan aurrera.
“Hasieran, ez genuen uste eszenatokietan inoiz joko genuenik, eta eszenatokiak iristean, ez genuen uste sekula diskorik grabatuko genuenik”
Ibilbide profesional luzearen ondoren, zer ikasi duzue?
Esperientzia handia hartu dugu. Hasieran, ez genuen uste eszenatokietan inoiz joko genuenik, eta eszenatokiak iristean, ez genuen uste sekula diskorik grabatuko genuenik… Etengabeko ikasketa izan da. Gauza tekniko mordoa ikasi dugu: bozgorailuen mundua, argiena, eszenatokiena… Izapideak ere bai, lehen ez zegoen batere, eta orain dena da izapideak egitea; aspergarria bezain etsigarria da. Baita kontratuak ere, ez dakit kontratuak edo kontrakuak diren… Orain, bideogintzaren munduan sartu gara, eta teknologia berriak ere hor daude.
Askotan, hobe dela isilik egotea, hori ere ikasi dugu. Beti dago ikasteko zerbait. Musikaren mundua liluragarria da, eta harrigarria da, baina oraindik ere maiteminduta gaude musikarekin! Liluratzen nau musikak, ahaztarazten dit, urduri jartzen nau eta lasaitzen nau.
Eta zer galdu duzue bidean?
Inozentzia, hori seguru! Freskura ere bai! Gaztetasuna. Bide okerrak hartuko genituen, eta beti pentsa dezakezu «beste bide bat hartu izan bagenu!». Baina horrek ez duenez erantzunik, ez diot neure buruari halakorik galdetzen sekula!
Azkenik, gustatu al zaizkizu Donostiako Piratek aurten iragarritako kontzertuak?
Bai, indarra daukate. Ez dira talde gutxi! Lan handia egongo da horren atzean, guztia antolatzen, eta horrek sostengatzen gaitu gu. Beraz, pozik eta gogoz joango gara.

