Matti Bagera izango da: euskararen aldeko aitortza, Aste Nagusi Piratan
35 urte bete ditu Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak; 35 urte euskararen aldeko lan nekaezina egiten. Urteurrenaren bueltan eta Bageraren balioekin bat eginez, Donostiako Piratek elkarte euskaltzalea omenduko dute Aste Nagusian, Bagera izango baita Matti pertsonaia. Horrela, Aste Nagusira begira jarri gara, Amets Ibero Bagerako koordinatzailearekin eta Aitor Egaña Donostiako Piraten komunikazio arduradunarekin batera.
Aitor Egaña (Donostiako Piratak) eta Amets Ibero (Bagera).June Agirre Ansa Donostiako euskararen egoerak, azken urteotan, kontraesan nabarmena erakusten du. Ezagutza etengabe hazi bada ere, erabilerak beheranzko joera hartu du. Hiriaren eraldaketak, turistifikazioak, etxebizitzen garestitzeak eta horren ondorioz donostiar askok hiria utzi behar izateak euskaraz bizitzeko espazioak estutzen ari dira. Amets Ibero Bagerako koordinatzailearen hitzetan, «lehen alpargatak saltzen ziren tokian, orain Lokopolo edo Basque cheese cake aurkitzen ditugu», eta horrek euskaraz egitea gero eta gehiago hautu kontziente bihurtzen du.
Testuinguru horretan omenduko dute Donostiako Piratek Bagera Euskaltzaleen Elkartea; duela 35 urte Bagera, Donostian euskararen erabilera sustatzeko herri ekimena. Harrezkero, hiriko euskalgintzaren erreferente bihurtu da, hizkuntza aktibazioa, transmisioa eta erabilera sustatzeko ekimen ugari martxan jarriz. Besteak beste, Mintzalaguna, Auzoko, IRUTXULOKO HITZA eta Euskaraldia sortu edo sustatu ditu.
Euskaldunon erronkek, ordea, ez dute etenik: «Oldarraldiaren erdian gaude eta erantzun sendo bat landu behar da», dio Iberok. Hala ere, baikortasunerako arrazoiak ere badaudela nabarmendu du: «Gero eta auzo gehiagotan euskara batzordeak sortzen ari dira eta hori euskarak bizirik jarraitzen duenaren seinale da».
Bagera eta Donostiako Piratak jatorri bereko bi eragile dira: herri ekimenetik sortuak, euskara ardatz dutenak
Euskararentzat arnasgune
Bagera eta Donostiako Piratak jatorri bereko bi eragile dira: herri ekimenetik sortuak, euskara ardatz dutenak eta Donostian euskaraz bizitzeko eredu baten alde lanean dihardutenak. Horregatik, elkarren lana osagarritzat dute. Iberoren ustez, «euskaraz erlazionatzeko espazioa eta euskararentzat arnasgune garrantzitsu bat eskaintzen dute Piratek». Izan ere, jai herrikoiak hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskararen erabilera naturaltasunez sustatzeko aukera paregabea direla defendatzen du: «Abuztuaren 8tik 15era, jaiak euskaraz bizitzeko aukera paregabea eskaintzen da».
Bi eragileek argi dute euskararen etorkizuna ez dela jaietara mugatzen. Bageraren ustez, gazteek zeresan handia badute ere, euskararen etorkizunaren ardura ezin da haien gain soilik utzi. Herri mugimenduek, berriz, ezinbesteko zeregina dute, euskara euren jardunaren erdigunean kokatuz eta hortik eraginez: «Herri mugimenduen erdian euskara jarri, eta hortik eragin behar da». Piratek ere ikuspegi hori partekatzen dute. Aitor Egañak, Donostiako Piraten komunikazio arduradunak, azaldu duenez, «garrantzitsua da euskaraz jarduteko espazioak sortzea, jaiak euskaraz izan behar baitira». Horregatik, beren jardun osoa euskaraz egiten dute, eta azken urteotan Bagerarekin batera lehen hitza euskaraz egiteko kanpainak ere abiatu dituzte.
Matti: aitortza eta konpromisoa
Urtero, Donostiako Piratek Matti izendatzen dute hiriko eragile bat omentzeko eta haren lana ikusgarri egiteko. «Matti gure mugimenduan sortu genuen figura bat da, Ezkila kapitainaren laguntzailea, eta urtero eragile bati omenaldi moduan eskaintzen diogu», azaldu du Egañak. Aurten, hautua argia izan da: «Bagerak 35 urte bete berri ditu eta euskararen alde egiten duen lanagatik, batez ere oldarraldiaren testuinguruan, merezitako aitortza dela iruditu zitzaigun».
Helburua argia da: orain arte sortutako espazio euskaldun, herrikoi eta askeak sendotzeaz gain, hiriko beste txokoetara ere zabaltzea
Bageran ilusioz eta harrotasunez jaso zuten izendapena: «Ilusioa eta ohorea sentitu genituen. Donostian sortutako herri ekimen batentzat aitortza handia da», dio Iberok. Bere ustez, izendapenak «euskararen aldeko eguneroko lana balioan jartzen du eta hizkuntzaren inguruko mezua indartzen du». Matti izanik, Bagerak mezu argia zabaldu nahi du Aste Nagusian: «Euskara balioan jarri behar dugu, kalean, lanean eta etxean euskaraz bizi eta erlazionatu».
Piratek ere ilusio bereziz bizi dute elkarlana. «Badakigu Bagerak mugimendua gertutik bizi duela eta sorpresa batzuk ere prestatu ditugu elkarrekin», aurreratu du Egañak. Txupinazoa, abordatzea eta aste osoko ekitaldiak elkarlan hori ikusarazteko baliatuko dituzte.
Jai herrikoi eta euskaldunen aldeko eredua
Donostiako Piratek argi dute zein baliok gidatzen duten euren jai eredua. «Jai parekide, euskaldun, parte hartzaile eta transfeministak gara», adierazi du Egañak. Horiez gain, autogestioa, herrigintza eta denontzako espazio seguruak sortzea dituzte oinarri. Piraten kasuan, euskararen presentzia ez da neurri edo kanpaina zehatz baten emaitza, eguneroko jardunaren oinarria baizik. «Gure jardun guztia euskaraz da: komunikazioa, egitaraua eta gure arteko harremanak ere bai», gehitu du Egañak.
Bageraren ustez, Aste Nagusi Piratak ekarpen berezia egiten dio Donostiari, hiriaren gaur egungo eredu turistifikatuaren aurrean, alternatiba herrikoi eta komunitarioa eskaintzen duelako. «Masifikazioaren aurrean herritarrentzako gune parte-hartzaile eta euskaldunak eskaintzen dituzte», azaldu du Iberok. Gainera, tokiko kultura sustatzen dute, eta donostiarrentzat sortutako jai komunitarioa eraikitzen dute.
Erronka: espazioak irabazten jarraitzea
Bai Bagerak bai Piratek, argi dute datozen urteetako erronka nagusia ez dela, soilik, euskararen presentzia mantentzea, erabilera indartzea baizik. Bagerak administrazioan, hezkuntzan, enpresetan eta kalean euskararen erabilera bermatzea ezinbestekotzat jotzen du, baita gazteentzat euskaraz bizitzea errazago egingo duten espazio eta baliabideak sortzea ere. «Harrera herria izan behar dugu, eta harrera horren parte gure hizkuntza ere izan behar da», nabarmendu du Iberok.
Piraten erronka, berriz, jai herrikoiak gero eta hiri turistifikatuago batean bizirik mantentzea da. «Erronka handiena gaur egungo hiri eredu kapitalista eta turistifikatzaileari aurre egitea da», dio Egañak. Horregatik aukeratu dute aurtengo leloa: Bota sarea barkutik hirira.
Helburua argia da: orain arte sortutako espazio euskaldun, herrikoi eta askeak sendotzeaz gain, hiriko beste txokoetara ere zabaltzea. Izan ere, Bagera eta Piratak bat datoz ideia batean: euskararen etorkizuna ez da soilik hizkuntzaren etorkizuna, herri bizi bat izango duen Donostia komunitarioaren etorkizuna ere bada.


