Emakume musikagileen obretan jarriko du arreta Musika Hamabostaldiko ziklo berritzaileenak
Musika Garaikideko zikloa Tabakaleran gauzatuko dute aurten.Tabakalera Musika Hamabostaldiko Musika garaikideko zikloak Tabakalerara jauzi egin du eta aurten emakume musikagileen obretan jarriko du arreta, haiek sortutako obrek osatzen baitute errepertorioaren erdia baino gehiago, %60 inguru.
Euskal Herriko eta nazioarteko konposizioaren azken joeretako batzuk publikoari aurkeztea helburu du zikloak eta jaialdiko proposamen berritzaile eta ausartenetako batzuk biltzen ditu, egungo eta azken urteetako sorkuntzan oinarritutako errepertorioarekin batera. Kokapen berrian, Hamabostaldiko dantza eta musika garaikideari lotutako eskaintza gauzatuko dute, bertako diziplina artistikoekin harremanetan jarrita.
Askotariko estiloetako proposamenak biltzen dituzten hiru kontzertu izango dira, guztiak datorren astean aurrera eramango dituzte, 20:00etan hasita.
Astelehenean, hilak 10, SIGMA Project saxofoi laukotea ariko da. Glass, Haas eta Shawren lanak biltzen dituen programa aurkeztuko du, baita duela gutxi sortutako bi partitura ere: Chaya Czernowinen Undersongs lanaren aukeraketa bat, duela gutxi estreinatua, eta Jon Esnaola musikagile tolosarraren Zurrumurru lanaren erabateko estreinaldia.
Ostiralean, hilak 14, berriz, Quatuor Bela hari laukote frantsesak munduko lau bazterretako lau emakume konpositoreren lanak interpretatuko ditu: Rebecca Saunders britainiarra, Misato Mochizuki japoniarra, Sofia Avramidou greziarra eta Selim Jeon hegokorearra. Horrez gain, Pablo Sorozabal Konposizio Lehiaketaren partitura irabazlea estreinatuko dute: Pablo Franchelli argentinarraren Surcando un mar de sueños inmemoriales.
Azkenik, igandean, hilak 16, Duo Cassado bikoteak XIX. mendearen hasieran Erromantizismoaren garapenean funtsezko izan zen Jenako Zirkuluari eskainitako omenaldiarekin itxiko du zikloa. Biolontxelo eta piano bikoteak izpiritu erromantiko horrekin bat egiten duten iraganeko eta egungo sortzaileen lanak bilduko ditu: Part, Tanaka, Richter, Boulanger eta Price. Martina Ampuero artistaren elementu bisualek lagunduko dute emanaldia.
Sarrerak quincenamusical.eus webgunean eta bai Kursaaleko bai Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan salgai daude 15 euroan.

