Ernai gazte antolakundeak faxismoaren aurkako mobilizazioa deitu du
Ernai gazte antolakundeak irailaren 13an mobilizatzeko deia egin du Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez lelopean.
Eragilearen ustez, “garai erabakigarria” da Euskal Herriarentzat, eta “garaiak eskatzen duen neurriko bultzada emateko, ikasturte hasiera honetan mobilizatzea garrantzitsua da”. Horretarako, antolakundeak “Euskal Herria askatasunera eraman eta bertako gazte oro duintasunez bizitzeko” lan egiteko konpromisoa hartu du.
Gazte antolakundeak nazioarteko egoeraren inguruko hausnarketa egin du: “Kapitalismoaren sakoneko krisialdi batean murgilduta gaude, eta gauzak abiadura bizian aldatzen ari dira”. Halaber, “aterabide baztertzaile eta atzerakoiak” sistema kapitalistaren bertsio “basatiago eta autoritarioago bati” bide ematen ari direla adierazi du.
Beraz, gazteek beharrezkotzat jo dute gizarte mobilizatzea: “Garaiak borroka eskatzen du, faxismoari ezetz esateko, baina bereziki Euskal Herriak irabazteko ordua delako”.

