Euskal Herri osoko musikariak bilduko ditu 49. Txistularien Kontzertu Nagusiak
Jon Maia, Arkaitz Añorgako Dantzariak, Haizea Muñoz eta Hekthor Folk ariko dira txistulari taldearekin batera oholtzan.
Txistularien Kontzertu Nagusia.Donostiako Udalaren Txistulari Taldea Aste Nagusiari hasiera emateko 49. Txistularien Kontzertu Nagusia larunbatean, hilak 8, helduko da hirira. Kontzertua Plaza Berrian, 20:30ean izango da, Aitor Arozena Muxika txistulari oiartzuarraren zuzendaritzapean.
Programaren lehen zatia Donostiako ondare musikalari eskainiko diote, izan ere, Raimundo Sarriegiren bi obra, Alkate soinua eta Ohorezko Kontrapasa, interpretatuko dituzte. Jarraian, Tomas Garbizuren Donosti eta Ricardo Sabadieren Agur, Txoko Maitia joko dituzte, Haizea Muñoz sopranoak lagunduta.
Aurten mendeurrena ospatzen duen Arkaitz Añorgako Dantzari taldea ere izango da bertan. Eta, ondoren, Txantxangorriak txistulari taldeak Isidro Ansorenak txistulari talderako asmatutako bariazioak joko ditu. Gainera, Indalezio Bizkarrondo “Bilintx ” hil zenetik 150 urte bete direnez, haren hainbat bertso ezagun abestuko dituzte.
Kontzertua amaitzeko, Jon Maiaren hitzak dituzten bi kanta interpretatuko dituzte: Welcome to Beach eta Gora Herria.
Emanaldia Euskal Herriko Txistulari Elkarteak, Donostia Festakek eta Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak antolatu dute.

