Ione Iruretagoiena zubietarraren bi soineko jantzi zituen Amaia Monterok Illunben

La Oreja de Van Gogh talde donostiarrak Illunbe bete zuen joan den ostiral eta larunbatean emandako bi kontzertuekin. Amaia Monteroren itzuleratik lehen aldia zen taldeak hirian jotzen zuela eta horrek jakin-min berezia piztu zuen. Zeresana eragin duen beste gauzetako bat Monterok berak erabilitako soinekoak izan dira. Beltza eta metalizatua, biak ere hiriari lotuak. Izan ere, haien sortzailea Ione Iruretagoiena zubietarra izan da.
Abeslariak haietako baten irudiak zabaldu ditu, bira honetako bere soineko gustukoenetako bat sortzeagatik egileari eskerrak emanez, eta horrek izandako oihartzunaren zurrunbiloan sartuta dabil egunotan diseinatzailea. Aitortu duenez, harrituta dago, ez baitago halakoetara ohituta. Abeslari batentzat lan egin duen lehen aldia da eta, are gehiago, Morlansen duen lantegian ohiko bezeroak ezkongaiak dira, hau da, guztiz kontrakoa, jardun “oso pribatua” izaten da.
Esan bezala, bi soineko sortu zituen. Bata, beltza, sorbaldako handiekin, “tximeleta hegalen modukoak”, V formako silueta eta lepo altuduna; atzealdean lazo batekin “mugimendu pixka bat emateko”; eta bestea, lentejuela metalizatuekin, estuagoa, bi hegatsen gisakoak, “presentzia handiagoa” izateko eszenarioan.

