Marmoka eta karabelen kopurua aurreikus ezin daitekeenez, hareatzetako banderei erreparatzeko eskatu du udalak
Azken egunotan karabela portugaldarren eta marmoken kopurua hazi egin da hiriko hondartzetan. Asteartean, dozenaka agertu ziren hiru hareatzetan, eta ondorioz, bandera gorria jarri zuten Kontxan, Ondarretan eta Grosen, bainua debekatuz. Egoera honen aurrean udalak “lasaitasun mezua” helarazi nahi izan du ohar baten bidez.
Une batzuetan karabela ugari egon arren, bainulari kopuru handia eta hondartzetan atzemandako aleekin alderatuta, ziztaden ondorioz egin beharreko artatze kopurua txikia dela eta gehienetan “arinak” direla zehaztu du.
Gogorarazi duenez, karabelen eta marmoken presentzia “fenomeno naturala” dela eta itsasoaren eta haizearen baldintzen arabera alda daitekeenez, ezin da bere bilakaera aurreikusi. Ondorioz, egoeraren berri izateko “erreferentzia ofiziala” beti hondartza bakoitzeko banderen bidezko seinaleztapena da, horrek soilik islatzen baitu uneoro egoera zein den. Jarduketa protokoloak sorospen taldearen irizpideak, egoeraren bilakaera eta atzemandako aleen bai kopurua bai tamaina kontuan hartzen ditu eta horri jarraiki erabakitzen dira neurriak. Hala, hondartza ixtea arrisku handiko egoeratan soilik gertatzen da, “prozedurak aurreikusten duen bezala”. “Etengabeko jarraipena” egiten dute eta egoerak hala eskatzen duenean “berehala” esku hartu.


