Garbiketa eta zabor bilketa zerbitzuak indartuko ditu udalak
'Jaiak gozatu, kalea errespetatu' kanpaina indartuko du udalak egunotan.Donostiako Udala Aste Nagusiak eztanda egiteko atzera kontaketa hasi da eta udalak iragarri du garbiketa eta zabor bilketa zerbitzuak indartuko dituela festek iraun artean. Goiz, arratsalde eta gaueko txandatan, 112 langile ariko dira garbiketa lanean zazpi eremutan: Parte Zaharra eta Erdialdea, Pasealeku Berria, Aldamar eta Zubieta, San Martin eta San Bartolome, Gros, Kursaal, Zurriola eta Sagues; su artifizialak jaurtitzeko gunean, Alderdi Ederren eta kaiaren inguruan.
Alegia, jende gehien biltzen den tokietan eta kontzertuak, jai jarduerak edota ekitaldi jendetsuak egiten diren esparruetan jardungo dute. Gainera, esku hartze berezia egingo dute pixek eta gonbitoek eragindako orbanak eta usain txarrak kentzeko, produktu desinfektatzaile eta usain kentzaileak baliatuz, eta eskuzko garbiketa eginez zenbait tokitan
Halaber, jai jardueretan sortutako hondakinak behar bezala botatzeko eta bereizteko, 151 edukiontzi eta kubo gehigarri banatuko ditu udalak, egun horietan sortzen den hondakin bolumen handiari erantzuteko. Iaz, halakoen bidez, 86.240 kilo hondakin bildu zituzten.
Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Iñigo Garciak aitortu duenez, “Aste Nagusia urte osoko garbiketa erronka handienetako bat da”. Udalak aparteko ahalegina egiteaz gain, herritarrei ere eskatu die erantzukizunez jokatzea. “Ez dago dispositibo bat ere gizabidea ordezka dezakeenik. Donostia jaietan garbi mantentzea guztion zeregina da”.

