Hizkuntza ere, kontsumo irizpide
Donostian, euskararen kale erabilera %15,3koa da ‘Hizkuntzen erabileraren kale neurketa. Euskal Herria, 2021’ ikerketaren arabera. Hala ere, batzuetan euskaraz kafesne bat eskatzea ez dela erraza aitortu du Gure Txokoak proiektuko kide den Xumar Altzugaraik.
Xumar Altzugarai, Parte Zaharreko txoko batzuen parean (Danena eta Juantxo).Maddi Viana Donostia da Euskal Herriko hiriburuen artean euskara gehien hitz egiten den hiria, Hizkuntzen erabileraren kale neurketa. Euskal Herria, 2021 ikerketak kaleratutako datuen arabera; %15,3koa da euskararen erabilera Donostian; gainerako hiriburuetan %2,5 eta %4 artean dago. Batzuetan kafesne bat euskaraz eskatzea ez da erraza, ordea, hala aitortu du Gure Txokoak proiektuko kide Xumar Altzugaraik.
Zerbitzua euskaraz ematen duten komertzio, zerbitzu eta guneen gida da Gure Txokoak proiektua, mapa formatuan. Bertan, tabernak, jatetxeak, arropa dendak, dentistak, gaztetxeak zein fisioterapeutak ere topatu daitezke, besteak beste. Ez dira halako ideia eduki duten lehenak izan ordea, orain dela urte batzuk, X sare sozialeko erabiltzaile batek zerrenda bat osatu baitzuen, beste erabiltzaile batzuen laguntzaz, euskarazko taberna eta jatetxeekin.
Euskaltzaleentzako mapa
Hala, zerrenda hura hartu zuten oinarri gisa mapa berri bat sortzeko. Lehenik, proiektuko kide batek ezkutuko webgune bat egin zuen, zirriborro bat. Behin hasierako zirriborroa eginda, itxura polita hartzen ari zelaz ohartu ziren proiektuko kideak, eta hasierako webgune hori hobetzen hasi ziren: mapa interaktiboa ondo zehazten, izendegia euskara hutsean jartzen, txoko bakoitzari deskribapen eta irudi bat jartzen…
Hasieran, orain dela hilabete inguru, 600 bat txoko zituzten aurretik aipatutako zerrendari esker. Horietako askok, ordea, ateak itxi edo jabez aldatu dute; beraz, argitaratu aurretik, banan-banan ibili ziren txoko guztiak gainbegiratzen.
Udarako kaleratua egotea nahi zuten, “udan joera gehiago dugulako Euskal Herrian barrena ibiltzeko” azaldu du Altzugaraik. Hala ere, batek baino gehiagok idatzi die argitaratu dutenetik urte osoan erabili nahi dutela esaten eta ea aisiaz besteko komertzioak sartuko dituzten galdezka. Hasieran aisiari begira zegoelako, horregatik, aste honetan bertan, aurretik aipatutako denda eta osasun zentroak ere sartzeko aukera dago orain. Hala, gaur ia 1.000 txoko jasotzen ditu mapa interaktiboak.
Altzugaraik nabarmendu du ahalik eta errazen erabili daitekeen tresna sortzea izan dutela ere helburu; horregatik, Gure Txokoak erabiltzeko ez da saiorik sortu edo hasi behar. Halaber, txoko berri bat iradoki nahi duenak, saio bat sortu beharko du, “spam kontuengatik” azaldu du proiektuko kideak. Beraz, posta elektroniko kontu bat eman beharko du eta berea dela baieztatu; horrez gain, komertzio, zerbitzu edo lekuak “gustuko” edo “ez gustuko” dituela ere adierazi dezake. Gainera, sakelako telefonoko aplikazioa erabiltzean, geolokalizazioa piztuta edukiz gero, botoi bat sakatzeko aukera dago, horrela, mapan erabiltzailea dagoen lekuan zoom egingo du aplikazioak, haren inguruko txokoak ikusi ahal izateko.
“Non bazkaldu erabakitzeko erreferentea hizkuntza izan dadila baita ere, joera hori automatizatzea eta jendeak pentsatzea inguruan ea zer dagoen euskaraz”
Auzolan digitala
Proiektuko kideak azaldu du euskaltzaleentzat egindako tresna bat edukitzea dela helburua: “euskaraz aritzen lagunduko duen erreferentziazko gida bat”. Gainera, euskararen alde ahalegina egiten duten komertzioei aitortza egitea ere bada asmoa. Izan ere, ohartu dira txoko gehienak herri eta auzoetako komertzio txikiak direla. Horrenbestez, ia oharkabean, euskara bultzatzeaz gain, bertako merkataritza ere sustatzen du Gure Txokoak proiektuak.
Beharrik handiena hirietan eta euskara gutxiago erabiltzen den eremuetan sumatu dute. Altzugarai bera ere orain dela 20 urte etorri zen Donostiara bizitzera, Lesakatik, eta aitortu du erdara gehiago entzuten dela Donostian Lesakan baino. Horrela, berak ere komeriak eduki dituela adierazi du, dentista euskalduna topatzeko adibidez. Herri txikietatik idatzi dietela ere aipatu du Altzugaraik, bertan dena euskaraz dela esanez, “zorionez herri txiki askotan dena edo ia dena egin daiteke euskaraz”. Horregatik, oraingoz, euskaraz aritzeko erreferentziak falta diren eremuei eman diete lehentasuna.
Kontsumo irizpidea
Hasieran, Android gailuentzako aplikazioa eta webgunea soilik egin zituzten, iPhonentzako aplikazioa egitea “anitz garesti” delako eta sosak haien poltsikotik irtetzen direla aipatu du proiektuko kideak. Jendeak galdetu die baina, ea iPhonentzat ere argitaratuko duten, eta Altzugaraik azaldu du ateratzeko lanetan dabiltzala orain, baita gastuak kubritzeko diru laguntzen bila ere.
Hala eta guztiz ere, erronka nagusia ez da teknologikoa. Altzugaraik azaldu du gero eta jende gehiagok hizkuntza ere kontsumo irizpidetzat hartzea nahiko lukeela: jatetxe edo taberna bat aukeratzerako garaian, prezioari edo kalitateari so egiten zaion moduan, zerbitzua euskaraz jasotzeko aukerari ere erreparatzea: “Non bazkaldu erabakitzeko erreferentea hizkuntza izan dadila baita ere, joera hori automatizatzea eta jendeak pentsatzea inguruan ea zer dagoen euskaraz”.


