Nazabal-Segurola eta Etxeberria-Apeztegia bikoteek lehen puntua eskuratu dute
78. Antiguako Pilota Txapelketako ligaxkako lehen partida jokatu zuten atzo arratsaldean eta Ramirez-Apeztegia eta Cestau-Bernaola mendean hartu zituzten, hurrenez hurren.
Antzuolan lehen partida jokatu ondoren, etxera bueltatu zen atzo arratsaldean Antiguako Pilota Txapelketa. Ligaxkako bigarren jardunaldiko bi norgehiagoka interesagarri jokatu zituzten Antiguako frontoian.
Promesen partidan, Igor Nazabalek eta Aimar Segurolak 22-19 menderatu zituzten Unax Ramirez eta Ugaitz Apeztegia. Hasieratik, partida oso orekatua izan zen: gorriak une askotan nagusi izan ziren jokoan eta aurretik joan ziren, baina urdinek ez zuten amore eman, eta azken txanpan huts gutxiago eginda garaipena lortu zuten.
Elite mailako partidan, aldiz, Oihan Etxeberriak eta Unax Apeztegiak 22-17 irabazi zieten Joanes Cestau eta Aingeru Bernaolari. Etxeberria izan zen norgehiagokako protagonista; izan ere, errematean fin ibili zen oiartzuarra, erritmo bizia emanez partidari. Hala ere, ez zuten garaipena erraz lortu. Cestauk egun onena izan ez bazuen ere, Bernaolak sekulako lana egin zuen, eta bere kemena funtsezkoa izan zen lehia bizirik mantentzeko. Gorria aurretik joan ziren ia partida osoan; baina, azken txanpan, urdinek 16-17 gerturatzea lortu zuten, eta neurketa iraul zezaketela zirudien. Hala ere, une erabakigarrian Etxeberriaren kalitateak berriro egin zuen aldea.
Bi garaipen hauekin, Nazabal-Segurola eta Etxeberria-Apeztegia bikoteek urrats garrantzitsua eman dute finalerdietarako sailkapenaren lehian.

