Kanoikada dantzari eta aldarrikatzaileak piztu du festa
Kanoi hotsak jakinarazi du beste behin festa hasi dela. Joseba Parron San Sebastian Hasi da Aste Nagusia. Lehertu da festa. Kanoiaren burrunba nagusitu zaio ekaitza izan zitekeenaren berri ematen zuten trumoiei. Eutsi dio eta euripean beharrean, festetan murgildu dira donostiarrak eta haiez gozatzeko askotariko hamaika aukera izango dituzte gaur zortzira arte.
Festaren metxa piztu aurretik, ekitaldian parte hartzen duten danborradako kideak Trinitate plazatik abiatuta, Parte Zaharrean barrena ibili dira, udaletxera bidean. Herritarrak Alderdi Ederrerantz bideratu nahian aritu dira ere Joselontxos eta Gauerdi txarangak, baita Itzurun konpartsako erraldoi eta buruhandiak ere. Bete da eremua, beste batzuetan baino gutxixeago, akaso, zeru ilunak eutsiko ote zion ezin jakin.
Han zeudenen artera batu dira ere Kaleko Afari Solidarioen aldeko aldarria ekarri duten dozenaka lagun. Pankarta handi bat, hiru txikiago, eta lapiko baten marrazkia zuten afixa ugari. Heldu direnetik oihu bat errepikatu dute: afaltzen ematea ez da delitua. Halako garrasien artean irten dira hiriko zortzi dantza taldetako kideak –Antiguotarrak, Arkaitz, Eskola, Gero Axular, Goizaldi, Herri dantza, Trebeska eta Kresala–, udal gobernua eta zinegotziak harmailara. Azkena Jon Insausti alkatea izan da, Martin Zubimendi futbolari donostiarrarekin batera. Bakoitza bere lekuan zegoela musika hasi eta Artilleroa kantatzeari ekin diote. Horretan zebiltzala igo da kanoi ondora Onintza Mokoroa. Su eman eta kanoiaren eztandarekin batera lehertu da festa. Konfeti eta serpentina zuri-urdina erortzen ari zela, omenduek hobe egiten dakitena egin dute: dantza. Alkatea ere batu zaie bi piezetan.
Danbor hotsek hartu dute lekukoa tarte labur batez, terraza husten joan baita, udalbatzar aretoko harrerara bidea hartu baitute protagonistek. Alderdi Ederrekoak amaituta, Bulebarrerantz joan dira asko, bertan bestelako musika batek lagunduta, koloretako hautsetan blai dantzan egitera. Holi festak zikindutakoa, zerutik erori den euriak ez du garbitu. Ezta jaia zapuztu ere.
https://youtube.com/shorts/2qmcoWrHEMk?feature=share

