Bertsoak eta izozkiak nahastu dituzte asteazkeneko eguerdi beroan
Asteazken eguerdian Easo plazan egindako saioko irudi bat.Andoitz Urdapilleta Easo Plazako bigarren bertso saioak izan du berotik, baina baita freskura puntutik ere. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Elustondo eta Aitor Etxebarriazarraga ibili dira bertso kantari Easo Plazako oholtza gainean Estitxu Fernandez aurkezle lanetan zutelarik.
Eguzkiak bete-betean jotzen zuelarik, garaiz bertaratutako bertsozaleek, azken urteetan horrelako eguerdi sargorietan ohitura bilakatu den moduan, plazan txukun kokaturiko plastikozko aulkiak hartu eta inguruko zuhaitz azpietan kokatu dituzte bertsoetaz izerdirik gabe gozatu asmotan. Halaber, oholtzatik gertu bertsoak entzun nahi dituztenek eguzkiari aurre egin behar izan diote eta ez dira soberan egon txapelak, zapiak, betaurrekoak eta aterkiak.
Hasieratik izan dituzte beroa eta eguzkia aipagai. Hasierako agur gehienek egin baitiete erreferentziaren bat asteazkeneko klima lehorrari. Aipagarria izan da ere, lehen ofizioan launaka kantatu behar izan duten gaiak zekarren proposamena, Estitxu Fernandezek ea nola aurkeztu behar zuen bakoitza galdegin die: Abizen bakarrarekin, bi abizenekin, euren izenez soilik… eta ederki erantzun diete gaiari bertso bakarrarekin.
Lehen ofizio horri jarraituz, egon dira gai serioak eta gai umoretsuak, hausnarketarako gaiak eta aldarrikapenetarako gaiak, besteak beste. Lujanbio eta Arzallus futbolzale sutsuak izaki, azken hilabeteotan futbolaren barruan sortu diren egoera desberdin horiei kantari jarri ditu gai-jartzaile lesakarrak. Ondoren, Elustondo eta Etxebarriazarragak turista batekin topo egin dute eta nolako Donostia erakutsiko dioten eztabaidatzen aritu dira.
Bertsolari bakoitzari atzeko kioskoko postuan erositako izozki bat iritsi zaio eskuetara eta izozkiak amaitu arte puntutan aritu behar zirela esan die Fernandezek.
Bakarkakoentzat ere izan dute tartea, eta bat aipatzekotan, Maialen Lujanbiok osatutakoa aipatuko genuke. Fernandezek hogeita hamar urte atzera eraman du Lujanbio, garai hartako eta gaur egungo bertsolaritzaren egoera zeharo desberdinak direla argudiatuz, eta Lujanbioren eta hainbat emakumeren egoskorkeriak medio, bertsoaren mundu klasiko hori nora eraldatu den feminismotik plazaratuz. Gai hori erro-errotik hartuta, Lujanbiok hiru bertso bikain bata bestearen atzetik josi ditu, publikoaren txaloak goxo hartuz.
Gai horietaz gain, Donostiako Piraten abordatzeari, gurasoen heldukeria eta hipokresiari, eklipseari eta su artifizialei kantari ibili dira, lan eta gai horietan guztietan ale ederrak utziz, bertaratutako bertsozaleen esker ona txalo moduan jasoz.
Saioa amaitzeko azken agurren aurretik, laukotea puntutan aritu da, bertsolari bakoitzari atzeko kioskoko postuan erositako izozki bat iritsi zaio eskuetara eta izozkiak amaitu arte puntutan aritu behar zirela esan die Fernandezek. Puntutan zorrotz eta umoretik fin aritu dira, eskuan zeukaten izozkiari puntu eta puntu artean koxka txiki bat kentzen ziotelarik. Bertsoaldi honekin, saio osoan zehar ederki egindako lanak borobildu dituzte lau protagonistek.
Hasierako eta bukaerako agurrek sarri izaten dituzte esker hitzak eta herri horren elementuei egindako erreferentzia zuzenak. Etxebarriazarraga bertsolari bizkaitarrak honel aagurtu ditu Easo Plazako ikus-entzuleak:
“Inortxok galdu aurretik bista
eklipsearekin,
Donostin festa bat dela eta
daude mila erpin.
Elkartuta Piratekin
beharko genuke jakin,
beste Donosti bat ikusten da
begi bakarrakin!”
Eta honela amaitu da Aste Nagusiko bigarren bertso saioa. Hurrengoa ostegun arratsaldean, bostetan, izango da Trinitate Plazan eta Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Maddi Ane Txoperena eta Peru Aiartza arituko dira Unai Gaztelumendi gai-jartzaile lanetan dutelarik.

