Bertsolariek eztarriak urratu dituzte teknikarien alde
Easo plazan aritu dira Aste Nagusiko hirugarren bertso saioan.Andoitz Urdapilleta Donostiako Udalak antolatutako hirugarren bertso saioak ere eman du beretik, aste osoan izan den beroa izan dute lagun bost bertsolariek. Bertsozaleak gaur ez dira hainbeste plazaren erdiko aulkietan eseri, itzala garesti zegoen zuhaitzpe eta aterpeetan eta ahal izan duten moduan bero sapari eutsi behar izan diote.
Teknikarien grebak ere izan du eragina Easo Plazako bertso saioaren hasieran. Ordu laurden beranduago hasi da saioa, tartean oholtza azpian dozena bat teknikari pankarta baten atzean protesta zaratatsuan ari zirelako euren lan baldintzak duintzeko eskatuz. Bertako kideei elkartasuna adieraziz, mikrofonorik eta bozgorailurik gabe eta paparrean grebalarien aldeko pegatina bat zutelarik, hasierako agurrak teknikarien albotik bota dituzte Peru Aiartza, Andoni Egaña, Sustrai Kolina, Irantzu Idoate eta Alaia Martinek. Honela ireki du saioa Aiartza Parte Zaharreko bertsolariak:
Dena ez dira itsaso
ta zeru urdinak,
arazoz bete dira
munduko izkinak,
pertsonak bihurtu nahi
dituzte makinak.
Ondo ateratzeko
mikroen uhinak,
lanean behar dira
baldintza duinak!Peru Aiartza.
Hasierako gertakari hori igarota, saioa normaltasunez burutu dute bost protagonistek Unai Elizasu gai jartzaile donostiarraren gaiei men eginez. Hasieran, bostek meditazio ariketa bat egin dute, begiak itxiz eta arnasketa kontrolatuz, inoizko bertsorik onenak sortuko zituztela sinistu eta onartu asmoz. Bakoitzak bere heldulekuari heldu dio eta humoretik eta ironiatik ekarri dituzte ateraldi bikainak.
Ondoren, Israeldik etorritako bezero batzuei euren enpresaren zerbitzuak eskeini eta onartu behar ote zizkieten eztabaidan aritu dira Egaña eta Kolina. Honela bota du lehenengo bertsoaren amaiera zarautzarrak: “…zalantza hori bukatu ohi da/ beti zuloren batekin/ zuk erabaki kontzientzian/ edo sakelean egin”.
Gaur egungo gai polemiko eta ez hain polemikoak izan dituzte kanturako hizketagai; esaterako, Kolinari duela hamazazpi egun KASek emandako azken afariko tupper huts zikina zela esan dio Elizasuk eta urruñarrak gordintasunez deskribatu du tupperraren roletik egoera. Aiartza eta Martin ere harrabots handia sortu duen albiste baten baitan jarri dira, Ceutako itsasertzean jazotakoa Donostiako Piraten abordaieko flotagailuekin alderatuz. Bi flotagailu berdin, baina bi egoera guztiz ezberdin.
Humoretik ere egon dira gaiak. Idoate Kontxako hondartzan metal bilatzaile bat eskuan hartuta objektu galduak bilatzen ibili da, bere lau kantukideei zein objektu diren bakoitza zehaztu die bertsotan eta hauek ondoren erantzun ea hala den ala ez.
Easo Plazako ohiko saioek eman dute beretik, baina Aste Nagusiko azkenengo larunbat eguerdian saio bat gehiago izango da, Bilintxen omenezkoa, eta bertan kantuan arituko dira Onintza Enbeita, Maddi Ane Txoperena, Beñat Gaztelumendi eta Joanes Illarregi. Manex Mujikak Bilintxen inguruko eta gaur egungo gaiak nahastuz prestatu duen saio berezia izango da eta saio horren kronika Irutxuluko Hitzan irakurgai izango duzue saioa amaitu eta gutxira.

