Parte hartzeko "handiko" eta "gorabehera aipagarririk gabeko" Aste Nagusia izan da
Kanoi hotsak jakinarazi du beste behin festa hasi dela. Joseba Parron San Sebastian Aste Nagusia amaitu eta biharamunean, Donostiako Udalak jaien balorazioa egin du. Easo plazan gauzatutako agerraldian, batetik, Kultura zinegotzi Ana Lopezek jarduerei lotutako datuak eman eta balantzea egin du, eta bestetik, Jon Insausti alkateak garbitasunari, segurtasunari eta mugikortasunari buruzko emaitza esanguratsuenak ezagutarazi ditu.
Biek nabarmendu dute jaietan izandako parte hartze handia eta festak gorabehera aipagarririk gabe aurrera eraman direla. Egitaraua ia bere osotasunean garatua ahal izan da, eguraldi txarrak behartuta, soilik Nat Simonsek eta Aurora Beltranek eman beharreko kontzertua bertan behera utzi behar izan zuten. Proposamen berrien erantzuna “pozgarria” izan da, izan ere, hiriko babesleku klimatikoak ezagutzeko ibilaldiek aurreikuspenak gainditu dituzte, talde guztiak bete baitira eta aurreikusitakoa baino eskari handiagoa izan duten. Kokotxak Pil-Pilean lehiaketak ere erantzun ona izan du, eta datorren urtean berriro aurrera eramango dute. Halaber, Kursaalen arratsaldero egindako dantzaldiek ere “arrakasta” izan du, leku berean gauero izan diren zuzeneko emanaldi eta DJ saioek bezala.
Benarteko baserriaren inguruan gauzatutako Dantz Point jaialdiak 1.100 pertsona inguru batu zituen, Aste Nagusiko egitarauaren barruan proposamen honek duen “harrera ona” berretsita. Sagueseko kontzertuetan ere belaunaldi desberdinetako jendea batu da. Lia Kalik 12.000 bat lagun batu zituen, Orquesta Modragonek 10.000 inguru, eta Etzakitek 7.000. Plaza Berrian, Puro Relajo-ren emanaldiaz 5.000 pertsona inguruk gozatu zutela ere nabarmendu dute.
Aipamena egin diete ere argiztapen eta soinu teknikariek ostiralean burututako greba egunari. “DK Festaketik bereziki eskertu nahi ditugu egun horretan izandako jarrera eta egoera horretan ere kulturarekiko, jaiekiko eta programazioaren garapenarekiko erakutsi duten konpromisoa. Ezinbesteko profesionalak dira kontzertu, ikuskizun eta jarduera bakoitza publikoarengana irits dadin, eta haien lana askotan fokuen atzean geratzen bada ere, Aste Nagusiren funtsezko parte dira”.
Ildo beretik, eskerrak eman dizkiete bere lanarekin Aste Nagusia posible egin duten pertsona guztiei, babesleei eta laguntzaileei, baita festak bere egin dituzten herritarrei eta bisitariei ere.
Istilu larririk ez
Egitarauaz harago, Insaustik “normaltasuna eta giro sanoa” nagusi izan direla goraipatu du. Segurtasunari dagokionean, ez da istilu larririk izan eta erregistratutako delitu kopurua %45 murriztu da, iazkoarekin alderatuta. Hortaz, pandemiaz geroztik izandako datu onenak dira. Horretarako, garrantzizkotzat jo segurtasun dispositiboa indartu izana: ehun udaltzain gehiago, Ertzaintzarekin koordinazioa eta unitate mugikor aurreratuak hondartzetan eta Bulebarrean.
Garbitasunaren alorrean, bildutako hondakinen kopurua era txikitu da, paperontziak eta edukiontziak gehiago erabili direla agerian utziz. Era berean, eskertu egin du 162 profesionalek osatutako garbiketa talde guztien lana, baita goizero hondartzetan egindako lana nabarmendu ere.
Azkenik, Dbusek Aste Nagusiko erabilera “errekorra” izan du. Larunbata arteko behin-behineko datuen arabera, 865.258 bidaia zenbatu dituzte, iaz baino 10.979 gehiago.

