Sabino Ormazabal hil da
Sabino Ormazabak abuztuaren 12an egindako argazki batean. Joseba Parron San Sebastian Sabino Ormazabal Elola (Donostia, 1953-2026) gaur goizean hil da, 72 urte zituela. Larunbatean, erorikoa izan zuen, kolpea hartuz; ospitalera eraman zuten eta ebakuntza egin bazioten ere, azken orduetan hil da.
Kazetaria, idazlea eta gaztetatik hainbat gizarte mugimenduren kidea izan zen: antimilitarismoan, ekologismoa, desobedientzia zibilean eta indarkeriaren kontra. Eusko Jaurlaritzak 1978tik aurrerako polizia gehiegikeriaren eta giza eskubideen urraketak aztertzeko batzordeko kidea zen.
Argituz giza eskubideen aldeko elkarteko kide izan zen azken urteetan. Argituzen motibazio politikoko indarkeriak Euskal Herrian utzitako arrastoa landu du, eta aurten, bost herritan gertatutako giza eskubideen urraketa guztiak kontuan hartuta, Memoria partekatu baterantz txostena argitaratu zuen. Bidea Helburu elkartean ere aritu zen, gatazka armatuaren memoria lantzeko prozesuetan, baita Demagun hausnarketa taldean eta zenbait kultur ekimenetan ere.
2000. urtean, Joxemi Zumalabe Fundazioaren patronatuko kide zela, Baltasar Garzon epailearen aginduz atxilotu eta espetxeratu zuten, beste kideekin batera. 18/98 sumarioan auzipetu zuten, desobedientzia zibilaren atalean. Zortzi hilabetez egon zen kartzelan. 2005ean hasi zen epaiketa eta 2007an bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Fidantzapean aske utzi zuten, eta 2009ko maiatzean, Espainiako Auzitegi Gorenak absolbitu egin zuen, gainerako kideekin batera. Ormazabalek defendatu zuen fundazioak eztabaidak eta kolektiboen arteko topaketak sustatzen zituela, eta haren parte izateagatik atxilotua izatea ez zuela espero aitortu zion IRUTXULOKO HITZAri 2009ko maiatzaren 24an egindako elkarrizketan.
Parte Zaharreko bizilaguna Egin bideak bakeari ekimenaren sustatzaileetako bat ere izan zen, –2007ko maiatzetik– hilabeteko hirugarren ostegunero Bulebarreko kioskoan borobila osatuta isilik egoten ziren hiritarrak, ekintza sinboliko horren bidez politikariek egin beharko zuketena irudikatzeko.
Sufrimenduaren mapa (osatugabea), Indarkeriarik gabeko 500 ekintza eta Kritikak-autokritikak, keinuak eta zubiak liburuak idatzi zituen bakarka, baina bere pentsamenduaren berri eman zuen ere taldeko argitalpenetan, elkarrizketetan eta artikuluetan. Indarkeriarik gabeko mundu baten alde egin zuen, eta hala adierazi zuen elkarrizketa batean: “Nire helburua indarkeria eza, elkarrizketa eta herritarren parte hartzea zabaltzea da, bakea, guztiontzako eskubideak eta justizia soziala lortzeko”.
Gladys del Estalen heriotza oso presente egon da Ormazabalen ibilbidean, militante ekologista egiatarra Tuteran hil zutenean gertakariaren lekuko izan baitzen. Hain zuzen ere, Bertha Gaztelumendiren Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa filmaren gidoia idatzi zuen. Lan bera egin zuen Gemma Garcia Fabrega eta Andres Oriolekin batera Ziztadak dokumentalerako.

