Basa bizitza berriro kolapsatu dutela salatu du Parkean Bizirikek
Glad is the Day. Artxiboko irudia.Glad is the Day Gladys Enea parkean berriro ere “makrojaialdia” egin dutela salatu du Parkean Bizirik elkarteak eta gaineratu du masifikazioak erasoa ekarri duela.
Hala ere, Glad is the Day jaialdira jende gutxiago gerturatu dela ere ziurtatu du elkarteak eta eskerrak eman dizkie ez gerturatzea erabaki duten pertsona orori “parkeko izaki bizidunen izenean”.
Jaialdia, ingurumenaren ikuspegitik, neurrigabekeria dela salatu du Parkean Bizirik elkarteak eta parkean egin behar ez denaren adibide bat dela ziurtatu du. Bestetik, gogorarazi du nahiz eta udalak naturaren aurka egiten duten halako jaialdi eta ekintzak antolatzen dituen, urtebetetzeak parkean ospatzea debekatua dagoela eta 750 eta 3.000 euro arteko isuna jaso dezakeela halakorik egiten duenak.
Elkarteak eskatu du horrelako parkearen aurkako eraso gehiago ez dadila gertatu, jaialdiari izena aldatzea eta haren kokapena aldatzea, jendea alkoholizatzeari uztea eta Keler (Damm) alkohol marka ez erabiltzea inon (Israelen saltzen dutelako haien garagardo bat). Donostian alkoholaren kontsumoaren inguruko azterlan bat argitaratzea ere eskatu dute, baita jaialdiko irabazkin ekonomikoak Osakidetzaren menpetasun alkoholikoak gainditzeko programetara bideratzea ere.
Donostia Kulturako buruzagitza kargutik kendu behar dela argudiatu du elkarteak, eta haren ordez “irizpide kultuak dituzten eta araudia eta ingurumena errespetatzen dituzten” pertsonak jartzea. Azkenik udal gobernuak barkamena eskatu behar duela ziurtatu du elkarteak, eta publikoki konporomezua hartu behar duela Donostiako gune babestuetan eraso gehiago ez antolatzeko eta mendekotasuna duten pertsonei eta haien senideei “minik ez gehitzea”.

