Gure Baitha etxearen eraispena gelditzeko eskatu du Ancorak, babestuta dagoelako
Mirakontxako etxe esanguratsuetako bat da Gure Baitha. Ancora Mirakontxako Gure Baitha etxea eraisten hasi izana salatu du Ancorak, Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian sartuta baitago eta bere babes fitxak indarrean jarraitzen baitu.
La Cumbre edota Hotel Hispanoamericano eraiki zituen Manuel Dominguez Barrosek egin zuen Itsasoko Gizarte Institutuaren sortzaile Alfredo Saralegirentzat (1883-1961). Hiru solairu eta estalkipea ditu, eta egurrezko besoek eutsitako zeramikazko teilatua; halaber, itsasora begira dagoen fatxadan zurezko balkoi eta galeria ugari ditu. Lursailak 827 metro koadroko azalera du, garajerako eranskina eta lorategidun terraza handi bat barne.
2018an Berme 2007 sustatzaileak eraisteko baimena eskatu zuen, lau etxebizitzako bloke bat eraikitzeko. Epaitegien ebatzi zuten horretarako lizentzia isiltasun administratibo bidez lortu zuela. Paradoxikoki, ondoren onartu zen etxearen babesak indarrean jarraitzen duela zehaztu du Ancorak, eta EAEko Auzitegi Nagusiak ere berretsi duela, horren aurka jarritako helegitea atzera bota baitzuen.
Elkarteak argudiatu du ebazpen administratibo partikular batek ezin duela izaera orokorreko xedapen bat indargabetu, eta, beraz, kideen ustez, ezin da suntsitu antolamendu juridikoak babestutako ondasun bat. Gainera, aurrez deskatalogazioa izapidetu beharko litzatekeela diote. Izan ere, maiatzaren 26an Hirigintza zinegotzia Nekane Arzallusek eraispena gauzatzeko baimena eman zuen aurrez deskatalogatu gabe. “Horrela, egoera anomalo bat sortzen da: eraispenak aurrera darrai, eraikin historikoa kontserbatzea berariaz agintzen duen hirigintza fitxak indarrean jarraitzen duen bitartean”.
Hori horrela, lanak etetea galdegin dute, kalte atzeraezinik ez eragiteko. “Gure Baitharen suntsiketak azken urteotan ikusten ari garen eraispenen zerrenda amaigabea loditzen du, eta galera kritikotzat jotzen da, hiri-pertzepzioari begira bereziki sentikorra den ingurune batean gertatzen baita”.

