Liga borobiltzera doaz Zarautzera
Donostia Arraun Lagunak-eko arraunlariak, joan den igandean Getarian jokatutako estropadan.Aitor Arrizabalaga Laugarrenez jarraian, emakumezkoen Euskotren Liga irabazi zuen joan den asteburuan Donostia Arraun Lagunak-ek, baina liga oraindik ez da bukatu, Zarauzko uretan lehiatu behar baitira asteburu honetan. Talde donostiarrak ez dauka ezer jokoan, baina, ligaren garaipena borobiltzeko, Zarautzen ere bandera astindu nahi dute. Hain zuzen ere, bihar (hilak 22) jokatuko dute lehenengo jardunaldia, 17:25ean; bigarrena, aldiz, igandean izango da, hilaren 23an, 11:20ean.
Donostia Arraun Lagunak-en oso bestelako egoera bizi du Donostiarrako emakumezkoen taldeak, ligako azken-aurren sailkatua baita. Hala ere, Zarautzen ondo aritu nahi dute Bantxa trainerukoek, liga erregularra ahalik eta hoberen bukatzeko.
Bestalde, gizonezkoen Eusko Label Ligari dagokionez, seigarren postuan dago Donostiarra, eta sailkapenean gora egiteko pausoak emateko asmoz lehiatuko dira Zarauzko uretan, Orio liderra urrutiegi badute ere. Gizonezkoen lehenengo jardunaldia ere larunbatean izango da, 18:21ean; bigarrena, aldiz, igandean, 12:21ean.

