Sanle Sory argazkilariaren obra, Donostian ikusgai
Erretzen duen Senegalgo saltzailea.Sanle Sory Sanle Sory burkinafasoar argazkilariaren Generation Volta obra Egia auzoko Sakana galerian egongo da urriaren 1a arte ikusgai. Erakusketa ostegunetik igandera ikusteko aukera dago, 14:00etatik 19:00etara edo hitzordua eskatuz eta sarrera librea da. Obrak hainbat irudi jasotzen ditu, hauek ez dira dokumentu etnografikoak, belaunaldi oso baten autoerretratu kolektiboa baizik.
1960an, Goi Voltak independentzia lortu zuenean, hamazazpi urteko Sanle Soryk argazki estudio bat ireki zuen Bobo Dioulasson, eta Volta Photo izena jarri zion. Hogei urte baino gehiago eman zituen oihal margotu parean eta xake taula moduko zoru gainean jartzen zirenen irudiak egiten: merkatariak, ezkongaiak, musikariak… Hiri oso bat erretratatu zuen. Gauez ere kalera joaten zen, aurretik aipatutako Bobo Dioulasso herrialdeko hiriburu ekonomiko eta kulturala zen, han ibiltzen zen dantzan. Baita handik gertu dagoen Kou bailara inguruan ere. Bere furgoneta hartuta, musikaz betetzen zituen bailarako txokoak, argazkiak egin artean.
1983ko estatu kolpearekin ordea, gaueko bizitza amaitu eta argazki estudioko artxiboa kutxatan gordeta geratu zen. Artxiboa suntsitzen ere hasi zen Sory, 2011ean idazle frantses batekin topatu zen arte. Florent Mazzoleniri esker, gaur egun Soryren lanak New Yorkeko Museum of Modern Arten, Art Institute of Chicagon, Londresko Victoria and Albert Museumen eta Okzitaniako Tolosako Château d’Eau galerian daude.

